Sentsibilizazioa ezinbesteko, etxeko langile migranteen lan baldintzak duintzeko
SOS Arrazakeria Errenteria-Oreretako etxeko langile migranteen aholkularitza zerbitzuko teknikariek agerraldia egin dute gaur. Josepa Antoni Anitzenean duten egoitzan egin dute agerraldia, urteko balantzea aurkezteko, zehatz.
SOS Arrazakeriaren Errenteria-Oreretako etxeko langile migranteen aholkularitza zerbitzuko teknikariek agerraldia egin dute gaur. Joxepa Antoni Aranberri Anitzenean duten egoitzan egin dute prentsaurrekoa, urteko balantzea aurkezteko, zehatz. Lege arloan sektorean hobekuntzak txertatu badituzte ere, oraindik orain, hutsune ugari dituzte. Hori ondorio behinena, eta horrenbestez, lan handia dagoela egiteko aurretik etxeko langile atzerritarren egoerak ikusezin izatetik argitara ateratzeko. Horretarako tresnarik eraginkorrena, sentsibilizazioa, bai langileena beraiena, zein haiek kontratatzen dituzten familiena.
SOS Arrazakeriak hamar urte daramatza Gipuzkoan etxeko lanetan ari diren atzerriko jatorriko emakumeei doako aholkularitza eskaintzen. Errenteriako Udalarekin elkarlanean 2020tik 2022ra 841 emakume artatu dituzte bertako teknikariek, eta azken urtean nabarmen egin du gora zerbitzuak: %29,32 erabiltzaile gehiago izan ditu.
Lan Arretarako Bulegoa da SOS Arrazakeriak Oarsoaldean duen jarduera nagusietako bat une honetan, eta, halaber, etxeko langile migratzaileentzat erreferente bat bihurtu da. Tatiana Bellorin eta Marling Castillo Calderon SOS Arrazakeriako kideak eta zerbitzuaren teknikariek eman dituzte datuak gaurko agerraldian. Bellorinek nabarmendu duenez, aurten nabarmen igo da bai hitzorduen kopurua, bai artatutako erabiltzaileena: “Lehenengo kasuan 2021arekiko igoera %29,32koa izan da, eta bigarrenean, %80,70ekoa. Kopuru absolutuetan 2021ean 114 langile artatu genituen zerbitzuan, eta 2022an 206 emakume “. Artatutako emakume langile kopurua ugaritu bada ere, demandetan ez dela alderik izan erantsi du, “horren arrazoia da langileak gero eta gehiago hurbiltzen direla beren eskubideei buruzko informazioa eskatzera, ea lanean dituzten baldintzak legearekin bat datozen jakiteko”.
Zerbitzura jotzen duten langileen profilaren berri eman dute. Latinoamerikako emakumeak dira nagusi etxeko lanaren sektorean, eta ia guztiak pasa direla bulegotik esan du Bellorinek, “horien artean, Nikaragua eta Honduraskoak dira nagusi, eta ondoren kolonbiar jatorrikoak”.
Errenteria-Oreretan kokatuta dago bulegoa, baina Gipuzkoa osoko langileak artatzen dituzte bertan. Hala ere, Irun eta Donostialdea arteko tarteari erantzuten dio batez ere, “Tolosaraino eta kostaldeko herri batzuetaraino heltzen bagara ere, bertaratutako emakume langile horien gehienak Donostian eta Errenteria-Oreretan bizi dira”.
Artatutako emakume gehienak, gainera, etxeko langile egoiliarrak izan dira. Artatutakoen ia bi heren izan dira. Ohikoa denez, egoera gatazkatsuena emakumezko etxeko langile egoiliarrei dagokiena da: “Etxeko langile egoiliar horien administrazio egoerari erreparatuta, berriz, %59 egoera erregularrean zeuden, eta horietatik %26k nazionalitate bikoitza zuten”.
Langile horien lan baldintzetan hobekuntzak izan dira lege aldaketen ondorioz, baina bai Bellorinek zein Castillok nabarmendu dute oraindik orain bide luzea dagoela, batez ere etxeko langile egoiliarren kasuan, eta zer esanik ez egoera irregularrean daudenenean: “Horiek dituzte lan baldintza okerrenak, soldata txikiagoak jasotzen dituzte, eta maiz, oporrak edo jaiegunak hartzea ukatzen zaie, paperik ez dutenez horretarako eskubiderik ez dutela argudiatuz”.
Iaz bulegotik pasatako etxeko langile egoiliarrek batez beste 58,65 ordu lan egiten zituzten astean, sei gau barne, hileko 1.065,49 euroko batez besteko soldata gordinaren truke, aparteko ordainsariak barne. “LGI Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak ezarritakoa baino %40, 79 gutxiago kobratu dute, gauez lan egindako orduen balioa kontuan hartu gabe”. Kanpo erregimenean ari diren langileen kasuan, soldata LGIa baino %2,34 handiagoa zen.
Demanden atzean, gehienbat, etxeko langile egoiliarrak
Kasu askotan epaitegietara jo behar izan dute. Iaz, zehazki, 62 demanda kudeatu zituen zerbitzuak, aurreko urteko kopuru bertsuetan. “Demandak idazteaz eta aurkezteaz gain, haien jarraipena eta enplegatzailearekin bitartekaritza lana ere egiten dugu, demanda horiek ebatzi arte. Lan auzia garrantzitsua da emakume langileentzat, haien eskubideak modu praktiko eta eraginkorrean defendatzea baitakar. Horietako askok, batez ere egoera irregularrean daudenek, lehen aldiz jakiten dute demanda aurkez dezaketela, eta kasu askotan, beren erreklamazio ekonomikoen aitorpena lortzen dute, partziala bada ere”. Irakurketa garrantzitsua Bellorinek eta Castillok egin dutena azken informazio horren harira. Izan ere, nabarmendu dute prozesu horretatik pasatzen diren emakumeek, “emaitza edozein dela ere”, beren eskubideez jabetzen diren eta erreklamatzeko gaitasuna duten langile bihurtzen direla.
Demanden atzean, gehienbat, etxeko langile egoiliarrak –40 izan ziren, eta 16 kanpoko etxeko langileek jarritakoak–, eta egoera irregularrean daudenak administratiboki –30 izan ziren eta 18 egoera erregularrean zeudenak; 12k berriz nazionalitate bikoitza zuten–.
Datu mordoa, eta guztiak errealitatearen argazki zehatza egiteko baliagarriak; baita hausnarketari bidea zabaltzeko ezinbestekoak ere. Erakundeak aipatu ditu Castillok: “Horiei dagokie etxeko lan baldintzen jarraipena egitea, aurretik zeuden legeak betetzen ez baziren, onartu berriak ere ez dira beteko haien aplikazioa ez bada fiskalizatzen”. Urgentziazkoa emakume langileek maiz jasaten dituzten diskriminazioak eta tratu txarrak ezabatzeko berariazko baliabideak eta neurriak indarrean jartzea, “orain arte ez dira abian jarri”, salatu dute Castillok eta Bellorinek.
Sobera ezaguna izangatik ere, heldu gabeko beste errealitate bat ere jarri dute mahai gainean SOS Arrazakeriako ordezkariek: zaintza sistemaren bideragarritasuna etxeko langile askoren esplotazioan oinarrituta dagoela. “Politika publikoen diseinu integral batek ezin du errealitate hori alde batera utzi, ezin dute zaintza politikak definitzen eta kudeatzen dituzten erakundeek beste alde batera begiratu, etxeko langileen lan egoera haien ardura ez balitz bezala”.
Eskubideak defendatzeko baliabide falta beste ezaugarri bat da etxeko langile migranteen kasuan: “Prekarietateak, etxeko langileen isolamenduak eta langile etorkinen kasuan, Atzerritartasun Legeak zaildu egiten dute haien antolaketa”. Administrazioari familiaren Etxeko Zerbitzuan lan egiten duten kontratazio eta bitartekaritza enpresen jarduera “modu eraginkorrean fiskalizatzea” galdegin dute bi teknikariek, baita etxeko langileen erretiroen gaia mahai gainean jartzea, “ezin dugu onartu esplotatu eta gero haietako asko prekarietatera kondenatuta egotea jada lanik egin ezin dutenean”.
Atzerritartasun Legeari erreparatu dio Bellorinek zuzenean, eta “lan esplotazioa sustatzea” egotzi: “Lan baldintza oso kaskarretan ari den jendeari lan baimena kentzen diote lan hori uzteagatik, asko eta skok beraz, baldintza oso zailetan jarraitzen dute lanean lan baimena ez galtzeko. ezinbestekoa da errebisatzea hori”.
Datu gehiago eman dituzte. Gipuzkoan 9.566 emakume daude gizarte segurantzan alta emanda etxeko langile gisa, “kontraturik gabe %25 gehiago izango direla kontuan hartuta, 11.958 etxeko langile dira Gipuzkoan”. Datuak gurera ekarrita, Oarsoaldean 1.168 etxeko langile dira, 61 biztanleko etxeko langile bat; Bidasoan 1.154, 69 biztanleko bat —kopuru horretan kontraturik gabeko %25 txertatuta dago kontratua dutenekin batera—. Herriz herri, honakoa da Oarsoaldearen argazkia zenbakitan: Oiartzunen 114 etxeko langile daude, 91 biztanleko bat; Errenteria-Oreretan 655 langile, 60 biztanleko bat; Lezon 74 etxeko langile, 82 biztanleko bat; eta Pasaian 325 langile, 48 biztanleko bat.
Agerraldia zabaldu duten gogoeta berarekin amaitu dute biek: ezinbestekoa dela etxeko langileak kontratatzen dituzten familien sentsibilizazioa: “Zutabea da sentsibilizazioa, ezinbestekoa, familiek jakin behar dute zein diren baldintza egokiak. Errenteriako Udala ari da sentsibilizazio kanpaina egiten, eta hori da bidea ikusgai jartzeko, argitara ateratzeko etxeko lanen errealitatea, eta emakume horien lana duintzeko”.
Errenteriako Udalaren izenean, eskerrak eman dizkio Jose Ramon Gurrutxaga Txokolo Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak SOS Arrazakeriari egiten ari den lanarengatik. Gogora ekarri du hiru urte direla SOS Arrazakeria elkartearekin hitzarmena sinatu zutela eta urtero berritzen dutela. “Errealitatea denok ezagutzen dugu, baina ezinbestekoa da ikusgarri egitea, agerian jartzea. Argazkia garbiago ikusten da datuekin, eta argi dago sentsibilizazio lana ezinbestekoa dela”, esan du zinegotziak.
Gipuzkoako Emakume langileen lehenengo asanblada
Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izango da ostiralean, eta horren harira, apirilaren 1ean, larunbatarekin, etxeko langile diren emakumeen Gipuzkoako lehen batzarra egingo dute. Errenteria-Oreretako SOS Arrazakeriaren egoitzan izango da batzar hori, 15:30ean hasita, eta emakume guztiak deitu dituzte parte hartzera.