Gaztaño Erdigunearekin lotuko duen igogailuaren proiektua aurkeztu du udalak
Azpiegitura berriarekin, eta obren amaiera fasean dauden Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak lotzen dituzten igogailuak amaituta, hamasei izango dira jada Errenteria-Oreretan eraikitako igogailuak, mugikortasun iraunkorra bermatzeko.
Hiri erdigunea eta Gaztaño lotuko dituen igogailu berriaren proiektua aurkeztu du gaur Udalak. Azpiegitura berriarekin, eta obren amaiera fasean dauden Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak lotzen dituzten igogailuak amaituta, hamasei izango dira jada Errenteria-Oreretan eraikitako igogailuak, mugikortasun iraunkorra bermatzeko. Igogailua ezarriko duten espazioan, Maria Lezo kalean, egin dute agerraldia gaur eguerdian Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak. Maria de Lezo kalea eta Zabaleta anaiak kaleen artean dagoen hamabi metroko desnibela gaindituko du azpiegitura berriak.
Gaztañoko igogailua, 2019-2023 agintaldirako planean jasotako proiektua da.
Ezin uka igogailuen erabilera handia dela, eta hori erakusten duen datua eman du gaurko agerraldian Otaegik: “Udalerriko hiri igogailuen sare osoak guztira 3.236.000 bidaia egin ditu 2022an”.
Igogailu berriaren ezaugarriak ere aurreratu dituzte. Gaztaño eta Erdigunea lotuko dituen igogailuak hamazazpi pertsona eta 1275 kg-ko karga edukiera izango du, eta kabinaren neurriak bizikletarekin bateragarriak izango dira. Ordutegiari dagokionean, gainerako igogailuen berak izango dira: 06:00etatik 01:00etara.
Igogailua eraikitzeaz gain, proiektuak Zabaleta Anaiak 1 eta 2 etxebizitza blokearen atzean dagoen oinezkoentzako ibilbidea irisgarri bihurtzea aurreikusten du, Altxu kalearekin lotu arte. Puntu horretatik auzoaren erdialdean eta mendebaldean dauden eraikin gehienei emango zailea zerbitzua azaldu dute.
Ingurunean integratu
Madalenaren ermita ondoan eraikiko da igogailua, eta Otaegik esan du basilikarekin integratzen eta aldameneko etxebizitza eraikinaren gaineko eragina murriztuko dela “kokapenari eta diseinuari esker”. Etxebizitza eraikinari dagokionean, goiko aldetik sarbidea ematea proposatu dute, irisgarritasuna hobea izan dadin.
Obren lizitazioa martxan da jada, eta enpresek apirilaren 17a izango dute azken eguna eskaintzak aurkeztu ahal izateko. Igogailua eraikitzeko 663.548 euroko diru zatia inbertituko du udalak, eta gauzatxe epea, gutxi gorabehera sei hilabetekoa izango dela aurreikusi du.