Saneamendurako lehen fasearen finantziazioa, aho batez aurrera
Udalbatzak ia milioi erdiko konpromisozko kreditua onartu du 2024ko aurrekonturako, Bonantzatik Santiago plazara arteko lanak finantzatzeko.
Atzoko udalbatzarrean Donibaneko saneamenduaren obraren lehen faseari —Bonantza ingurutik hasi eta Santiago plazara— dagokion finantziazioa onartu zuen udalbatzak, aho batez. Zehazki, udalari tramu horretarako jartzea dagokion diru zatia, —ia milioi erdi— 2024ko aurrekontuetan txertatzea da bozkatu zena.
Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak aurkezturiko proiektua egikaritzeko aurreikusitako inbertsioa 4.638.000 eurokoa da. Horren %35 dagokio udalari, eta lehen fase horretan zenbatekoa 446.250 eurokoa (BEZa salbu) izango da. Konpromisozko kreditu hori 2024ko aurrekontuan txertatzea da atzo ordezkarien mahaiak onetsi zuena.
Urte hasieran Donibaneko saneamendu integralerako auzotarren batzordeak 600dik gora sinadura bildu zituen aurreproiektuari aurkezturiko alegazioak babesteko. Ordu hartatik ez dute udal ordezkarien erantzunik jaso, baina atzokoan gatazka piztu izan duten zenbait gairi buruzko azalpenak eman zituen Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, EH Bilduk mahai horretan egindako eskaerei erantzunez.
Nortegasen “isiltasuna”
Gasa saneamendu sarearen obrekin bat eginda Donibaneko Alde Zaharrera garraiatzeko aukera da hautsak harrotu izan dituen zioetako bat. 2022 bukaeran, bizilagunek jakinarazi zuten Nortegas enpresak txosten tekniko bat osatu zuela ziurtatuz ez zegoela “inolako oztopo teknikorik” gas-sarea aurreikusitako saneamendu lanekin batera bideratzeko. Adituen arabera, lurpetik egin ahalko litzateke sarearen instalazioa, saneamendurako beharrezko ekipamenduarekin batera.
Informazio horren jakitun, udal arduradunak gaia aztertzekotan gelditu ziren 2022ko irailean, eta atzoko plenoan jakinarazi zuten zertan izan diren bi aldeen arteko hartu-emanak. Izan ere, Donibaneko bizilagunen batzordeak hedabide honi adierazi dionez, herritarrek ez dute izan, gaur artean, udaletxean erregistratutako eskaeren gaineko erantzunik.
Udalburuak esandakoaren arabera, joan den urrian bildu ziren gobernuko kideak Nortegas enpresako arduradunekin. Bilkura horretan enpresak “era irekian” onartu zien politikariei beste bat zela eurek aztertu zuten proiektua, eta ez, ordea, egikaritzea adostu den azken bertsioa. “Aurreko proiektu hartan bai kabitzen zela gasa”, azaldu zuen Gomezek, “baina honetan garraioa egingarria ote zen baieztatzeko denbora behar zutela esan ziguten”. Aztertu beharrekoak aztertzeko denbora ematea adostu zuten gainontzeko aldeek, eta gaur arte.
Ordutik bost hilabete igaro direla ikusita, erantzunik espero ez dutela esan zuen alkateak. Dena den, euren berri izateko saiakerekin ari direla, eta jarraituko dutela, ziurtatu zuen: “Ez dakit ezkutatzen ari diren, ez duten kontatzeko ezer berririk, interesik ez dagoen edota azterketekin ari diren oraindik; kontua da udal honek zin-zinez behar duela erantzun bat, eta hori jaso ahal izateko, agindua eman diet Zerbitzuetako Departamentuko langileei enpresarekin harremanetan jartzeko, presazko bilera bat behar dudala esanez”.
Zerbitzu Sailari eskatu dio alkateak “egunero-egunero” bidaltzeko posta elektroniko bat Nortegasi. “Idatziz jasota geratu dadin nahi dut, bizilagunen aurrean behar diren azalpenak emateko, egunero ari garela bidaltzen mezu horiek”.
Argibide eske
Oposizioko indar nagusiak aipaturiko kreditua konprometitzearen alde bozkatu bazuen ere, zenbait argipen eskatu zizkion atzo EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari. Lehenik, hurrengo urterako diru kantitate hori adostearen arriskuei buruz mintzatu zen Iraitz Pazos bilkidea: “Hautatu duzuen formulak 2024ko aurrekontua hipotekatuko du bete betean. Aurrekontua milioi erdi euroko saldo negatiboarekin hasiko dugu eta horrek, jakina, trikimailu ekonomiko-finantzieroak egitea eskatuko digu. Ez gaude hala egitearen kontra, baina uste dugu bazegoela hau egiteko modu txukunagoa”.
Bestalde, ez dira sanjuandarrak bakarrak euren alegazioei buruzko erantzunik jaso ez dutenak, EH Bilduk gaitzetsi baitzuen udal gobernuak lehen faseari dagokion finantziazioa onartzeko proposamena plenora eraman zuela EH Bilduk proiektuari aurkeztutako alegazioak ere erantzun gabe. “Ez dugu inolako berririk aurkeztu genituen ekarpenen inguruan. Are gehiago, herritarrek bilerak eta argipenak eskatu dizkiote gobernu honi etengabe eta gobernu honek ez die inolako erantzunik eman. Errespetu falta ikaragarria deritzogu horri”.
Jaso gabe geldituko diren ur beltzez ere aritu zen Pazos, lehen faseko proiektuak, aldundiaren arabera “proba izaera” izango badu ere, isurien %10 jaso gabe utziko duelako. Zailtasun tekniko eta ekonomikoak direla onartu bazuen ere, eledunak hausnarketara deitu zuen: “Zer-nolako proposamenak egin ditu udalak isurien ahalik eta kantitate gehiena jaso dadin? Diputaziotik argi adierazi digute eurek ez direla arduratuko kanpoan gelditzen diren isuri horiek jasotzeaz. Horren aurrean, zer egingo du udal gobernuak?“.
Bukatzeko, gasik helaraziko ez bazaie, kale zaharreko bizilagunei beste aukeraren bat eskaintzeko eskatu zien Pazosek agintean daudenei. Orobat, barrutiko bizilagunekin biltzen hasteko eskatu zion EH Bilduk udal gobernuari, eta hori esanda, gai-zerrendako 11. puntuaren alde egin zuten udal talde guztiek, saneamenduaren lehen zatiaren konpromiso kreditua onetsiz.