EAJ: "Gaztañoko igogailuaren kokapenerako gure proposamena onartu izana positibotzat jo dugu"
Errenteriako EAJk esan duenez, alderdiarentzat lehentasuna izan da beti Gaztañoko igogailua martxan jartzea.
Gaztaño irisgarriagoa egingo duen igogailuaren proiektua martxan dela jakinarazi zuen atzo Errenteriako Udalak. Lanen esleipen prozesua zabalik da eraikuntza egin nahi duten enpresek euren proposamenak aurkez ditzaten. Proiektua martxan dela jakinarazi eta ordu gutxira heldu da Errenteriako EAJren balorazioa. “Positibotzat” jo dute eurentzat “beti lehentasuna izan den” proiektua abian jarri izana, “are gehiago gobernu taldeak igogailuaren kokapenerako gure proposamena onartu izana”.
Elixabete Murua alderdi jeltzalearen bozeramaileak, zalantzarik ez du Gaztañoko biztanleen zein herritar guztien irisgarritasun edota mugikortasun arazoei erantzungo diela, “gure ekimenez abian jarritako proiektua da, eta Gaztaño Erdigunera hurbiltzeko beharrezko azpiegitura da, Errenteriak beharrezkoa duen proiektua”.
Atzera egin du Muruak gogora ekartzeko bere udal taldeak proposatu zuela igogailu proiektu horretarako diru partida aurrekontuetan txertatzea 2021ean: “Udal gobernuarekin hartutako konpromisoaren ondoren EAJk diru zatia sartzea proposatu zuen Gaztañoko igogailua egiteko, gobernu taldeak ez zuen sartu hasiera batean-eta aurrekontuan proiektu hori”. Harago jo du Muruak, “gainera, kokapena aldatzeko proposatu genuen, gobernu taldeak egindako hasierako proposamena ez genuelako egoki jo”.
Hiri ingurune irisgarria “funtsezkotzat” jo du azkenik Muruak, “gizarte inklusiboa eraikitzeko, herritarrei autonomia emango diena bizitza sozial eta ekonomiko guztiz aktiboak garatzeko. Berri ona da, zalantzarik gabe, Gaztañoko auzokideentzat, baita errenteriar guztientzat ere”.