Traineruen azken testa, San Pedrokoa
Larunbatean jokatuko da San Pedroko XIV. Test Estropada, arratsaldez. Egun osorako jarduerak antolatu ditu Sanpedrotarra Arraun Elkarteak.
Hondarribikoaren eta Oriokoaren ondoren, traineruen sasoi aurreko azken test garrantzitsua San Pedrokoa izan ohi da. Aurtengoa larunbatean (apirilaren 1ean da), 16:30ean hasita: San Pedroko XIV. Test Estropada. Osotara 53 traineruk parte hartuko dute, beteranoenak, emakumeenak, eta gizonenak. Hiru txandatan banatu dituzte horien guztien irteerak, eta banakako erlojupeko modalitatean jokatuko da. Sanpedrotarra Arraun Elkartea da estropadaren antolatzailea: estropadaz gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte eguna girotzeko (behean daude).
Estropada eremua test horretan ohikoa izaten dena da: irteera-helmuga San Pedroko Torrearen parean jarriko dute, eta badiaren bokalerantz abiatuko dira traineruak, han ziaboga dagoelako. Hala, beteranoek eta emakume seniorrek bi luze eta ziaboga bateko bidea egingo dute; gizon seniorrek lau luze eta hiru ziaboga (bokalekoa, irteera eremukoa, eta berriz ere bokalekoa) egingo dituzte. Itsaso txarra balitz, ibilbidea aldatuko litzateke: itsasorako bidea laburragoa litzateke, eta han galdutakoa berreskuratzeko, badia barrurantz (Antxoko kairaino gutxi gorabehera) joango lirateke ontziak.
Sariak epaileen azpiko arrapalan emango dituzte, San Pedroko Torrearen inguruan. Emakumeen bandera, lehen txanda bukatzen denean emango dute, eta gizonena traineru guztiek bidea bukatzen dutenean.
Honakoak dira parte hartzaileak:
Lehen txanda (16:30ean hasiko dira ateratzen traineruak, zerrendan zehaztuta dagoen ordenean).
- Beteranoak (16:30): Ibaialde B, Bilbao B, Badok B, Trintxerpe, Cesantes, Endaika, Ibaialde A, Sestao, Bilbao A, Zumaia, Mundaka, Badok A eta Fortuna
- Senior neskak (16:43): Kaiku, Hernani, Zarautz, Zumaia, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea.
- Senior gizonak (16:53): Ondarroa B, San Juan B, Astillero, Donostiarra B, Mutriku, Hibaika, Orio B, Cesantes, Lapurdi eta Busturialdea.
Bigarren txanda (17:30ean hasiko dira ateratzen traineruak)
- Senior gizonak: Camargo, Zumaia, Castreña, Hondarribia B, Zarautz, San Juan, Arkote, Pedreña, Meira eta San Pedro.
Hirugarren txanda (18:05an ateratzen hasiko dira traineruak)
- Senior gizonak: Isuntza, Santurtzi, Ondarroa, Zierbena, Kaiku, Getaria, Orio, Donostiarra, Hondarribia eta Bermeo.
16:30ean hasiko den test estropadaren aitzakiarekin, herriko arraunarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditu Sanpedrotarra Arraun Elkarteak larunbaterako.
Hala, 11:00etan, estrobo tailerra egingo dute frontoian. Ondoren, taldearen aurtengo kamisetaren aurkezpena egingo dute, baita sari banaketa ere. 12:00etatik 14:00etara, berriz, barrutia girotuko du Jabi DJk Vermuteke mugikorra-rekin.
14:00etan herri bazkaria egingo dute arraun elkartearen egoitzan. Bertarako txartelek 25 euroko prezioa dute, eta horiek eskuratzeko posta elektronikoa erraztu du arraun elkarteak.
Kale animaziorik ez da faltako. Egunean zehar San Pedroko trikitilariek girotuko dituzte kaleak, eta estropada bukatzerakoan txarangarekin gozatzeko aukera izanen da.