"Gizakiaren ezintasunetara joaten zait begirada"
Idazle oiartzuarrak 2021ean lortu zuen Igartza Saria. Proiektu horren emaitza da ‘Arrain hezur bat eztarrian’ (Elkar). Hamar narrazio ditu, eta denek dute minen bat ezaugarri komuntzat.
Arrakalak izena jarri zenion liburuari, baina azkenean Arrain hezur bat eztarrian izenburupean argitaratu duzu. Zergatik aldaketa hori? Hasierako izena ere egokia litzateke…
Igartza Sarira lau ipuin aurkeztu nituen, baita buruan nuen proiektuaren azalpena ere, bizpahiru orrialdetan. Gizakiaren zauritxo horiek —edo harremanetan sortzen direnak— azaltzea zen nire asmoa: zauriak, arrakalak… Idatzi ahala, konturatu nintzen bazela mintxo bat errepikatzen zena, ezintasunari eta komunikazio faltari lotuta.
Nahi gabe ateratzen zitzaidan, eta ipuin batzuk idatzita neuzkanean, buelta batzuk ematen hasi eta pentsatu nuen izenburuak hortik joan behar zuela. Arrain hezurraren metafora hori azkeneko ipuinean dator.
Zergatik interesatzen dizute harremanek?
Gizakiaren funtzionamendu eta ezintasunetara joaten zait begirada, labur-laburrean. Gizakia bera da erakartzen nauena, oro har; Filosofia ikasi nuen, eta artearen bidez gure buruak, gure kezkak, eta sortzen ditugunak.
Harremanek ere interesa pizten didate. Gizarte batean bizi gara, eta ez da posible norbanakoak isolatuta egotea. Besteekiko harremanen arabera modu batean edo bestean jokatzen dugu, eta inguruak ere baldintzatzen gaitu. Hor gauzak sortzen dira, egiten dira eta hiltzen dira.
Hamar ipuinetako harreman motak ezberdinak dira. Guzti-guztietan bilatuta izan da hori ala atera egin zaizu?
Proiektua hari horrekin diseinatu nuelako, buruan neukan denetan agertu behar zutela zauritxo horiek. Saiatu naiz denak diferente izan zitezen: Botanika ikastaroa-n diglosiaren zauria —euskararena— adibidez…
Hori dena zor dizut-en inbidia agertzen da, Singer makina-n emakumeen zaintza eta ardurak…
Denak ezberdinak izatea nahi nuen, ipuinetik ipuinera aldaketak egon zitezen. Begirada nahita eta nahi gabe ere joaten zait ezintasun eta deserosotasun horietara. Interesatzen zait horri buruz hitz egitea, egunerokoan presentzia eduki arren, ez zaizkielako hainbesteko garrantzirik ematen, baldin eta ez bazaude oso gaizki eta hustu beharra duzun eta kontatzen duzun.
«Nigandik edo inguruko horiengandik abiatuta hasten naiz sortzen»
Eguneroko min txiki horiek —«zu segi izorratua, ni hartara pixka bat hobetoxeago sentituko bainaiz»— den-denok sentitzen ditugu, baina ez ditugu hitzez adierazten. Horiei leku eman nahi nien, lagunen, senide eta harreman guztietan artean ere badaudelako deserosotasun eta pozak. Baina ipuin hauetan, batez ere, minak.
Zuk zeuk ba al duzu arrain hezurrik? Olatz Mitxelenaz ba al dauka liburuak?
Asko. Ez dago bete-betean autoerretraturik, baina denetan badago puska bat. Oinarrian, nigandik hasten naiz, edo ingurukoengandik, eta hortik abiatuta hasten naiz sortzen. Batzuetan gehiago urruntzen naiz, beste batzuetan hurbilagotik idatzi dut.
Ordu asko eskaini dizkiot liburuari, eta plazera izan da, baina orain arte ez naiz horrela idazten jarri. Literaturarekin izan dut kontaktua, ipuinen bat edo beste idatzi dut, edo paragraforen bat, edo ideiaren bat…
Inoiz serio jarri gabe. 2021ean sentitu nuen zerbait esateko gogoa. Hori bai, ez nuen oso serio hartu. Nire buruari esaten nion ez nuela zerbait esateko hainbesteko beharrik, edo aitzakiak jartzen nizkion.
Igartzara aurkeztu nuenean «hau esateko gogoa daukat» pentsatu nuen, eta lehiaketara aurkeztu nuen ipuinetako bat sortu zen. Aldaketa bat izan zen orduan. Bizitzan, oro har, badut isilik egoteko joera, eta baditut arrain hezurrak.
Ipuin gehienak nahiko errealistak dira, baina badaude pare bat —Katuka eta Gurutzegramak— nahiko surrealistak direnak. Zergatik jo duzu horretara? Ez dirudite zure inguruko istorioak direnik.
Bi ipuin zaharrak dira, eta horietako bat da Katuka. Idazle Eskolan ibili nintzen Bergaran, eta ipuin batzuk idatzi behar izan nituen. Jolas bezala hasi zen hori; gustuko dut literaturaren alde ludiko hori. Ipuin hori intentzio horrekin hasi zen, nora iritsiko zen jakin gabe.
Katuka biribildu gabea utzi nuen bere garaian. Berreskuratu, eta bukaeran esanahi bat eman nahi izan nion. Gurutzegramak-en, berriz, gerra piztu eta sorlekutik alde egitearen ideia neukan, baina absurdora eramana. Giro hori zen sortu nahi nuena.
Jasotzen ditut ideiak, handik eta hemendik: Albert Camusen Izurria, Uxue Alberdiren Euli-giro, Jose Saramagoren Ensaio sobre a Cegueira… Ideia horiek neuzkan, eta hizkuntzan Julio Cortazarren estilora hurbildu nahi nuen. Hori da gogoan dudana, baina batez ere dibertsioz eta jolasaz aritzea.
Liburua ez da saiakera bat, ezta gutxiago ere, baina badaude esaldi batzuk. Adibidez, ipuin batean jartzen du Jakin-minik gabeko zenbat lizentziatu, eta eskolarik gabeko zenbat jakin-min. Nabari da Filosofia ikasi zenuela…
Egia da tarteka gustatu zaidala pentsamenduarentzako ideia indartsu batzuei toki egitea eta fikzioa aurrera zihoan heinean harri-kozkor bat uztea. Hori horietako bat da. Singer makinak ipuina idazten ari nintzenean, esaldi hori etorri zitzaidan burura, eta ez nekien non sartu. Ez nintzen erabat konbentzituta gelditu non sartu nahi nuen, baina sartu nuen.
Bada amaren eta bere garaiko emakume askori gertatu zitzaienaren aitorpen bat. Zenbat emakume —bereziki— geratu ziren ikasi gabe, lanean hasi behar zutelako. Ipuin horretan badaude gertuagotik bizi izan ditudan esperientziak: emakumeek gurasoak zaindu beharra; ezin ikasi ahal izatea; emakumea etxea-haurrak-zaintza hirukotera mugatua izatea…
Aurkezpenean azaldu zenuenez, Igartza Saria irabazi zenuenean, zure buruari idazteko zilegitasun bat eman zenion. Ordura arte, esan duzunez, ez zenuen modu oso serioan idazten.
Nire buruarekin harrituta geratu nintzen. Gehiago da zerbait fisikoa; ez nintzen inoiz larunbat goiz batean mahaian eseri eta idazten hasi, ea zer ateratzen zen. Beti zen beharra neukanean, edo burura zerbait etortzen zitzaidanean hura idaztea.
Alderantzizko ariketa ez nuen inoiz egin. Eta liburu hau egiteko, halabeharrez jarri behar izan naiz. Ikusi nuen gustura nengoela, eta atera egiten zela. Mahaian ideia txiki batekin esertzen nintzen, eta bat-batean istorio bat hasten nuen, eta idatzi ahala, joaten nintzen istorioan sartzen.
«Konturatu naiz nire buruak asko funtzionatzen duela irudien bidez»
Ia fisikoki nire burua idazle bezala baimentzearena eta orduak pasatzearena etorri zen. Ordura arte ez zen nire buruari hori ukatu niola, baizik eta ez nuela planteatu ere egin luxu hori eman niezaiokeenik nire buruari.
Zure liburuan ere oso deskribapen fisikoak daude: zornea, usainak, kiratsak… Zergatik nahi zenuen hori islatu?
Lehen esan dudan bezala, idazten jartzearenak gorputzarekin lotura handia zuen, baita emakume izatearekin ere. Abiapuntua hori izan zen, eta argi nuen gerora ere presente izan nahi nuela gorputzari buruz emakume izatetik idaztea, eta gorputza bera paperera eramatea.
Ipuinek hasiera ilun edo lokaztu bat dute. Nire ahalegina izan da hizkuntza guztiaren bidez hori transmititzea. Hitzak zikinak izan dira batzuetan, baita sintaxia bera ere. Ipuinetik ipuinera ikusten dira aldaketak: ipuin batzuetan esaldiak motzagoak dira, eta besteetan luzeago edo katramilatsuagoak.
Tokiak ere xehetasun askorekin deskribatu dituzu.
Pertsonaien psikologia azaldu nahian, egia da deskribapen dezente atera zaizkidala. Tokiak edo giroak deskribatu nahi izan baditut da pertsonaien deskribapenen edo psikologiaren ispilu izatea nahi nuelako.
Ez dut azterketa sakonik egin, baina, adibidez, azkeneko ipuineko pertsonaiak oinetako hezetasunekin dituen arazoak irudikatzeko, ibai lehor baten ondoko etxea sartu dut. Ispilu-joko hori erabili dut pasarte batzuetan.
Konturatu naiz nire buruak asko funtzionatzen duela irudien bidez. Esaldi bat idazten dut, eta hortik atera den irudiak beste batera eramaten nau.
Minak, zauriak eta arrakalak izan ditugu hizpide, baina liburuak umorea ere badu. Batzuetan istorioa bera da umoretik joaten dena, eta besteetan esaldi batzuetan agertzen da, desdramatizatzeko edo.
Bai, badago. Egunerokoan ateratzen zaizkit horrelako esalditxoak, baina baita idazterakoan ere. Oso ongi pasatu dut, egia esan. Hori bai, batzuetan beldur pixka bat izan dut umorea ez ote zen hutsalegia izango, edo txisteren bat sartzea behar ez zen tokian. Baina, orokorrean, esan dezaket gustura aritu naizela.
Irakurtzen nituen aldiro grazia egiten zidaten batzuek, eta gero ondokoari pasatu eta hari ez hainbeste [barre egin du]. Umoreak edota ironiak ematen dute aukera gertatzen den horrekiko distantzia jartzeko.
Egile feminista asko irakurri dituzula esan zenuen aurkezpenean. Haiengandik jasotakoa txertatzen saiatu zara?
Gogoeta gehiago zen ea zergatik ez dudan lehenago idatzi, idazten hain gustura banago. Nire burua kokatzeko liburu bat baino gehiago irakurtzen hasi nintzen, emakumeok dugun autoritate falta horren —gizartearen egitura eta funtzionamenduagatik— esplikazioa bilatzeko.
«Umoreak balio du gertatzen den horrekiko distantzia jartzeko»
Ipuinei dagokienez, emakume pertsonajeen presentzia dago. Horrela ateratzen zait, bai, baina baita ere emakumeen mundua azaleratu nahi nuelako. Feminismoarekin lotuta, banuen kezka genero estereotipoak ahal den neurrian zaintzeko.
Ez dut lortu erabat, uste baitut jaso dugun hori erreproduzitzen dugula eta hori islatu dela ipuinetan, baina saiatu naiz zaintzen. Gorputzari presentzia emate hori ere agian lotu daiteke ikuspegi feminista horrekin.
Narrazio liburu hau argitaratu aurretik, Marina Garcesen Filosofia amaitu gabea itzuli duzu. Zergatik?
2021. urte hura aldaketa garaia izan zen: serioago idazten hasteaz gain, Hitza-n zutabeak egiten hasi nintzen, eguneroko bat ere lantzen hasi nintzen… Bikotekidea eta biok irakasle gara, eta erabaki genuen tarte bat guretzako hartzea.
Hiru hilabetez irakaskuntza utzi nuen, denbora bat kanpoan eman nuen, baina zerbait egin nahi nuen, letrei lotutakoa. Itzulpen bat egitea erabaki nuen, filosofiari lotutakoa. Kuriositatea banuen lehendik. Nire hizkuntza gaitasunengatik, gaztelaniazko liburu bat izan behar zen.
Liburu hori aukeratu nuen interesgarria egiten zitzaidalako, baina baita ere uste nuelako euskarara itzultzeak bazuela tokia. Argitaletxe batzuekin hitz egin, eta Jakinek esan zidan argitaratzeko aukera egon zitekeela. Igartza Sariarenarekin batu zitzaidan.