Arlo publikoa indartzea "ezinbesteko" jo du Elkarrekin Podemosek Gipuzkoaren "aniztasuna" bermatzeko
Elkarrekin Podemosen Gipuzkoa eraldatu kanpainaren ekitaldi nagusia hartu du gaur goizean Errenteria-Oreretako lekuona Fabrikak. Miren Etxebeste Ahaldun Nagusi izateko hautagaia ez da bakarrik aritu gaurko ekitaldian, Maite Gartzia, Victor Lasa eta David Nuño Errenteria-Oreretako, Donostiako eta Irungo alkategaiak izan ditu ondoan; baita Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia eta Unidas Podemoseko diputatua.
Elkarrekin Podemosen Gipuzkoa eraldatu kanpainaren ekitaldi nagusia hartu du gaur goizean Errenteria-Oreretako lekuona Fabrikak. Miren Etxebeste Ahaldun Nagusi izateko hautagaia ez da bakarrik aritu gaurko ekitaldian, Maite Gartzia, Victor Lasa eta David Nuño Errenteria-Oreretako, Donostiako eta Irungo alkategaiak izan ditu ondoan; baita Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia eta Unidas Podemoseko diputatua.
Gipuzkoaren aniztasuna defendatu du gaurko ekitaldian Etxebestek eta gaineratu, erakundeetatik elkarbizitza hori bermatzea dagokiela, “desberdintasunarekiko errespetutik eta aukera berdintasunetik abiatuta”. Aniztasun horren adibide, gaur ekitaldi nagusia egiteko aukeratu duten udalerria jarri du Etxebestek, Errenteria, “udalerri feminista, sozialki konprometitua, errespetuzkoa eta integratzailea, nortasun handia duen eta gure hizkuntzaren eta kulturaren balio handia aitortzen dituen udalerria”. Errenteriaren ereduak, Gipuzkoa osorako balio diela gaineratu du.
Horrekin lotuta, “gobernatzen badakitela” erakutsi dutela Errenteriatik nabarmendu du udalerrirako alkategaia den Maite Gartziak, “eta gobernatzen dugun tokian hobeto bizitzen dela”. Pertsonak lehenetsi ditu, hori dela gakoa azaldu du, “hemen jendea zaintzen da, pandemiak erakutsi zigun gure burua zaintzea izan behar dela gakoa, eta hori egiten jarraitu nahi dugu”.
Aniztasun hori bermatzeko gakoa ere eman du, izan ere, “publikoaren indarra” da haren ustez bidea: “Guztiona baita, kolektiboaren balioa da aniztasuna errespetatuz batasuna eskaintzen duenean, segregatzen ez duen eskola publikoa da, auzokide guztientzako osasun arreta publikoa da, gure adinekoak artatzen dituen zaintza publikoko sistema bat da inoiz ez negozio irizpideen arabera, zerbitzuaren irizpidearen araberakoa baizik, guztiontzat etxebizitza duina eskuratzea da, bereziki gure gazteentzat. Publikoaren indarra gara, Errenteria eta Gipuzkoa osoan hori da gure eredua”.
Pluraltasunarekin batera, unitatea ere izan du mintzagai Etxebestek: “Guk eraiki dugu euskal ezker plural, eraldatzaile eta aurrerakoiaren proiektu komun bat. Datozen hauteskundeetarako zerrenda bateratu honetan ezkerreko eragile guztiak batu ditugu, jakin badakigulako, gizarteari batasun eta konfiantza mezua eskaintzen ari gatzaizkiola etorkizuneko proiektu batekin”.
Osakidetza eta eskola publikoaren aldeko hautua “anbiguotasunik” gabe egin duela gaineratu du ahaldun nagusi izateko hautagaiak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “boto berdea” ordezkatzen dutela erantsi du. “Eskuin erreakzionarioenen” eta eliteen mehatxu antidemokratikoen aurrean “hurbiletik elkarrekin” lan egiteko unea dela esan du amaitzeko.
Ondoren, David Nuño Irungo alkategaiak hartu du hitza. Nuñok adierazi du justizia soziala dela koalizioaren hautagaitza guztiek partekatzen duten helburu nagusia: ” Udal gobernuetan egoteak balio izan du erakusteko benetan gai garela gobernatzeko eta bestelako politika bat egiteko, politika ausarta, pertsonak ardatz dituena”.
Pilar Garridok, bere aldetik, hurrengo hauteskundeek duten garrantzia nabarmendu du: “Maiatzaren 28an daukagun gauzarik garrantzitsuena izango dugu jokoan, gure herri eta hiriak. Guztiontzako herri eta hiriak defendatuko ditugu. Haien ongizatearen defentsa dugu jokoan, eta hori eskubideak eta zerbitzu publikoak defendatuz bakarrik lortzen da. Arlo publikoaren defentsarekin. Bizitza duina izateko hainbeste kostatu zaigun eskubide horiek defendatzen jarraitu behar dugu”. Garridok etxebizitza eskuratzeko arazoa jarri du adibide, “gure hirietan egiten ari diren abusuzko jarduerak salatu behar ditugu. Espekulazioari amaiera eman nahi diogu, alokairuak eta errenta eskuragarriak nahi ditugu”.
Garridok maiatzeko hauteskunde-hitzordurako osatutako koalizioaren indarra nabarmenduta amaitu du hitzaldia: “Jendeak badaki boto-paper bakarra egongo dela ezker euskaldun, feminista, ekologista eta berdinzale batentzat”.