96.000 euroko diru laguntza, kirol instalazioak hobetzeko
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lezoko Udalarekin duen lankidetza hitzarmena berritu du.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Lezoko Udalarekin duen lankidetza hitzarmena berritu du. Iaz jaso zuen kopurua baino %20 gehiago jasoko du aurten, beraz, eta diru hori kirol instalazioak hobetzera bideratuko duela jakinarazi du udalak. Guztira, 96.000 euroko diru laguntza jasoko du udalak hitzarmena berrituta.
Altzate igerilekuetako hegala berrituko dute zehazki, eta jarduketaren ondorioz, egun jarrita dauden polikarbonatozko plakak eta azpiegitura kendu eta estalki berri bat jarriko dute. Lanek, 130.000 euroko inbertsioa suposatuko dute, eta horietatik 34.000 euro Lezoko Udalak jarriko ditu.
Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak udalaren eta aldundiaren arteko harremana “bikaina” dela nabarmendu du, “eta etorkizunean ere haiekin lanean jarraituko dugu, Lezo hobetzen jarraitzeko”.
Rafaela Romero diputatuak eta departamentuko zuzendariak, hitzarmenaren bidez, Pasaiako badiaren ehun ekonomikoa, urbanistikoa eta soziala biziberritzeko duten konpromisoa agerian gelditu dela nabarmendu du.