Ipar martxako lehenengo ibilbide homologatua aurkeztu du udalak
Gipuzkoako Mendi Federazioak homologatutako SL-GI56 ibilbidea gaur aurkeztu dute. 9,5 km-ko ibilbidea, Errenteria-Oreretako auzoetatik pasatzen da, parkeak lotuz.
Ipar martxako lehen ibilaldi homologatua du gaurtik Errenteria-Oreretak. Gipuzkoako Mendi Federazioak homologatutako SL-GI56 ibilbidea gaur aurkeztu du Maite Gartzia Kirol zinegotziak, Urdaburu Mendizale elkarteko hainbat kiderekin. 9,5 km-ko ibilbidea, Errenteria-Oreretako auzoetatik pasatzen da, parkeak lotuz. Diseinuaren atzean Gartziak nabarmendu duenez, Urdaburu Mendizale elkartea.
Oztoporik gabea da ibilbidea, eta inklusiboa, “maila guztietako kirolariei zuzenduta dago, eta udalerriko kirol eskaintzari gehitzen zaio. Urte osoan zehar gozatzeko moduko ibilbidea da, gainera”..
Irteera eta amaiera Iztieta pasealekuan ditu gaur aurkeztu duten ibilbideak. Oinezkoentzako zubi ondoan, informazio guztia biltzen duen panel bat jarri dute, eta ibilbidea sei gezirekin eta hiru zutoinekin seinalatuta dago, bidearen bereizgarriak diren bi marraz –bata berdea eta bestea zuria– gain.
Ibilbide berriarekin gozatzera deitu dituzte herritar guztiak, Gartziak nabarmendu duenez, “kirola osasuna delako”.