'Mater' ontzian badago zerekin gozatu egunotan
Aste Santuko oporrak dituztenentzako kultur eta ingurumen eskaintza prestatu du San Pedroko ontzi museo ekoaktiboak.
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak eskaintza aberatsa prestatu du Aste Santuko oporrak dituztenentzat. Jaizkibel-Ulia Kontserbazio Bereziko Eremua ezagutu edo itsas-ingurumenaren aldeko keinua egin nahi duenak aukera izango du horretarako San Pedrotik abiatuz.
Jaizkibelgo itsaslabarrak ezagutzeko irteerak antolatu dituzte hilaren 6, 8 eta 9rako, 12:00etatik 13:30era. Itsasoa zaindu eta bertako hondakinak arrantzatu nahi dituenak, ordea, irteera hilaren 9an izango du, 17:00etatik 19:00tara. Irteeretako azkenak ilunabarra itsasotik ikusteko egingo dituzte, hilaren 7 eta 9an, 20:00tatik 21:30era.
Ibilbide gidatu eta tailerrak ere prestatu ditu Materrek datozen egunotarako: hilaren 5ean arrain lonja bisitatuko dute hala nahi dutenek, 06:00etatik 07:30a arte. Hilaren 16an, berriz, 12:00etatik 13:30era, Marinela egun batez tailerra egingo dute.
Bisitak ere egin daitezke Euskal Herrian egurrez egin den azken atunontzira. Horiek, interesen arabera, bi motakoak izan daitezke: arrantzale kutsuko bisita, edo bisita ekoaktiboa. Horiei eta aurreko jarduerei buruzko informazioa lortu edota erreserbak egiteko, jarri harremanetan arduradunekin 619 81 42 25 telefonora deituz edo posta elektroniko bidez.