Eskuliburua, hizkuntza irizpideetan eragiteko
Lezoko Euskararen Herri Batzordeak 'Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua' sortu du herriko euskararen erabilera indizea goranzko bidean jartzeko.
2019-2023 legealdi hasieran sortu zen Euskararen Herri Batzordea, eta ordutik, Lezoko Udala eta hainbat eragile lanean aritu dira euskara herrian biziberritzeko. Batzorde hori sortzeko arrazoia izan zen euskararen kale erabileraren datuek beheranzko joera izan zutela, eta, hortaz, bere egiteko nagusia izan da euskararen erabilera indizea goranzko bidean jartzea.
Bide horretan hainbat lan egin ditu batzordeak; hala nola, euskara biziberritzeko egun dauden plan eta esku hartzeen mapa bat, hizkuntza sustapenaren bidean eraginkorrak ziren egitasmoak berrantolatu eta lehenesteko.
Horrez gain, bigarren lan bat aurkeztu berri du batzordeak: hizkuntza irizpideen eskuliburua. Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua du izena, eta hizkuntza kudeatzeko irizpideak eskaintzen dira, edozein gizarte erakundek dituen hizkuntza eremu ezberdinetan zer egin behar duen jakin dezan. Honela definitu dute eskuliburua: “Lezon euskara dakiten herritarren kopurua oso altua da, %70,30etik pasata dago (indize hori altuagoa da gazteen artean), eta biharko egunean Lezo arnasgunea izatea nahi badugu, horretarako lanak gaur egiten hasi behar ditugu. Horretarako sortu da hizkuntza irizpideen eskuliburu hau, eragile edo erakunde bakoitza gaurtik bertatik euskara erabilera areagotu nahi badu, bakoitzak berean nola eragin azaltzeko”.
Irizpideak bost multzotan jasotzen dira: Hizkuntza paisaia; idatzizko komunikazioa; ahozko komunikazioa; iragarpenak, publizitatea, argitalpenak eta kanpainak; eta hizkuntza gaitasuna.
Eskuliburua eskuragarri dago jada Lezoko Udalaren webgunean. Paperezko alea nahi dutenek, berriz, bi modutara lortu dezakete: Lezoko Udaleko Euskara-Kultura sailaren bulegoan edo posta elektronikoz. Postaren hautua egiten dutenek udaleko euskara saileko helbidera idatzi edo 943 51 34 76 telefonora deitu beharko dute.