Zazpi oiartzuar, munduko kenpo kai txapelketara bidean
Tunisian egingo dute munduko txapelketa, irailean. Oiartzungo Kenpo Kai Honbu elkarteko zazpi kirolariak aurrez hautatu ditu Euskadiko selekzioak.
Datorren irailean egingo dute munduko kenpo kai txapelketa, Tunisian. Euskadiko selekzioak bere aurre deialdiaren berri eman du.
Zerrenda horretan Oiartzungo Honbu Kenpo Kai kirol elkarteko zazpi kirolari daude. Honakoak dira hautatzaileak aukeratu dituen kirolarien izenak: Emma Garmendia, Lara Garmendia, Uxue Arozena, Egoitz Toledo, Mikel Artola, Mikel Osa eta Alain Isasa.
Ez da lehenengo aldia Honbuko kirolariek munduko txapelketa batean parte hartuko dutela, kirol elkarteak gogorarazi duenez. “Oiartzunek kirol honetan duen mailaren seinale da”, esan dute.
Kenpo kai borroka arteak 45 urte baino gehiago daramatza Oarsoaldean, eta “gero eta finkatuago” dagoela nabarmendu dute. Gainera, kirolariek munduko txapelketan parte hartzea “eragingarria” izango dela uste dute.
Bukatzeko, Honbuko kirolariek Tunisiatik “domina asko” ekartzea espero dute.
