'Sagastitarrak', igandean Gezalan
Txalo Produkzioak konpainiaren antzezlana 19:30ean hasiko da, Gezalan. Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri dira aktoreak.
Txalo Produkzioak konpainiaren Sagastitarrak antzezlana jasoko du etzi (igandea) Gezala Auditoriumak. 19:30ean hasiko da emanaldia. Sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik, Lezoko Udalaren sarreren salmenta zerbitzuaren bitartez, 8 euroan.
Ramon Madaula da lanaren sortzailea, eta Txaloko Begoña Bilbaok zuzendutakoa da. Aktoreak, hiru: Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria, eta Koldo Olabarri.
Honakoa da Txalo Produkzioak konpainiak lanaz egin duen sinopsia: “Sagastitarrenean —goi-burgesiako familian— alabarekin ez da giro. Ane, giza-ekintzaile feministak, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. «Patriarkatuarekin ez dugu amaituko, mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean». Anton Sagasti, familia-buruarentzat, ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, Antonek amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu Ane, alabak, abizena aldatzeko asmotan atzera egin dezan”.