Errepublikaren baloreak aldarrikatu dituzte, lau urteren ondoren
Pikoketak antolatuta, errepublikaren aldeko kalejira egin dute. Adrian Lopez omendu dute, hiru koloredun banderak altxatzeaz gain.
Herriko kaleetatik errepublikaren aldarria eraman zuten. Lau urteko etenaren ondoren, kalejira errepublikazalea atzo —apirilak 14— bueltatu zen Errenteria-Oreretako kaleetara. Pikoketa elkarteak deituta, Biteri kaletik atera zen segizio errepublikazalea, txarangak jotako doinuen martxan. Bandera gorri, hori eta moreak ez ziren falta.
Ibilbidean jendearen txaloak jaso zituzten, eta bat baino gehiagok bat egin zuen kalejira ikusi ahala. Biteri Txiki eta Gamon Zumarditik pasatu ondoren, Herriko Plazara iritsi zen kalejira. Aurten, duela lau urte ez bezala, etenik gabe.
Errepublikazale beteranoenak aulkietan eseri ziren, tartean Adrian Lopez Villegas atzoko omendua, 92 urtekoa. Beste aulki bat hutsik utzi zuten, kolore gorri, hori eta moreko loreekin, etorkizunean “errepublikaren aldeko borrokaren lekukoa” hartu dutenentzako.
Salatu zutenez, gaur egungo sistemak “desberdintasun handiak” sortzen ditu gizartean, eta horregatik balore errepublikanoen defentsa egitera deitu zuten. “Monarkia ez da apaingarri huts bat, pertsonen arteko ezberdintasunak adierazten ditu”, gaineratu zuten.
Askatasun, berdintasun eta senidetasunaren baloreak aldarrikatu zituzten, baita unibertsaltasuna ere, pertsona guztiek zerbitzu publikoetarako sarrera “duina” izan dezaten: etxebizitza, hezkuntza, osasuna…
Horrez gain, herritarren zergak inflazioarekin aberasten ari diren enpresei zein gerren finantzazioari ez bideratzea eskatu zuten.
Lopez
Lopez Pikoketa elkarte errepublikazaleko kide da, eta PSE-EEko ordezkari izan zen hogei urtez. Alkate izatera ere iritsi zen, urtebetez.
Lopezen ibilbidea aitortu nahi izan zuten. Bere zainetan “odol errepublikazalea” dagoela nabarmendu zuten, eta askatasun, berdintasun eta senidetasunaren aldeko lana aitortu zioten.
Omenduak berak hitz batzuk esan zituen mikrofonoaren aurrean. Alde batetik, balore errepublikanoak aldarrikatu zituen. Bestetik, hildakoak gogorarazi zituen. Eta, azkenik, iaz hil zen Patxi Astibia gogoan izan zuen, bere zapia jantzi baitzuen ekitaldian. Txalo zaparrada batekin erantzun zioten bertaratutakoek.
Jarraian, Pikoketako elkartearen bueltan ibili eta hil direnen izenak irakurri zituzten, eta errepresio frankistak hildakoentzako aipu bat izan zuten.
Ekitaldiarekin bukatzeko, Jose Miguel Labordeta zenaren bi kanta abestu zituzten, eta Agurra dantzatu zieten omenduei. Lopezek Espainiako Bigarren Errepublikako bandera altxatu zuen, Eibarren duela 92 urte egin zuten bezala, baita ikurriña ere.
Riegoren ereserkia, Eusko Gudariak eta Internazionala izan ziren ekitaldia ixteko momentuan jo zituzten doinuak. Gero mokadutxoa jateko aukera eman zuten.
