Mariri buruzko 'Anderea' dokumentala, ostiralean Landetxen
Yolanda Mazkiaran Zelaiaren dokumentala ikusteko aukera izango da ostiral arratsaldean. Sarrerak salgai daude, online.
Datorren ostiralerako —hilak 21— dokumental emanaldia programatu dute. Anderea ikus-entzunezkoa emango dute, 19:30ean hasita.
Yolanda Mazkiaran Zelaiak idatzi, ekoitzi eta zuzendutako filma da. Mari jainkosari buruzko dokumentala da; bere jatorri, izaera eta baloreei buruz aritzen dira 78 minutuko dokumentalean.
Sarrerak online eros daitezke, 3 euroren truke, udalaren webgunean.
Sinopsia
Anderea dokumental errealista eta onirikoa da, euskal mitologiaren pertsonaia nagusian oinarrituta: Mari, Amari, Andere, Señoria edo Anbotoko dama. Paleolitikotik gaur egun arte Euskal Herriaren oroimen kolektiboan bizirik iraun duen aintzinako andere misteriotsua. Mari, euskal mundu primitiboaren metafora handia da eta zorionez, iraun ez ezik, oso lagungarria izan daiteke gaur egungo gizartearen arazoei aurre egiteko.