OTXEko Aimar Fernandez de Gorostiza, podiumak pilatzen
Txirrindularitzako Espainiako Pista Txapelketan hiru domina eskuratu ditu Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolako kideak.
Txirrindularitzako Espainiako Pista Txapelketan emaitza bikainak lortu zituen Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolako (OTXE) kide Aimar Fernandez de Gorostizak. Kadete Mailako probetan urre, zilar eta brontze bana lortu zituen, baita 4. postu bat ere.
Hilaren 6tik 9ra izan zen jokoan Espainiako Txapelketa Galapagar herrian (Madril, Espainia). Hala, Euskadiko selekzioa ordezkatuz, taldekako abiadura proban lehena izan zen OTXEkoa, Unai Moran eta Eñaut Urkaregi taldekide izan zituelarik.
Zilarrezkoa scratch modalitatean irabazi zuen Fernandez de Gorostizak, eta brontzea 500 metroko abiadura proban. Podiumetik koska batera izan zen abiadura proban.
“Neguan egindako lanak emaitzak eman ditu”, esan dute OTXEko arduradunek euren taldekidea zoriontzeko mezuan.