[Erreportajea] Lagunez betetako apalak
Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, bi eskualdeetako liburu dendariekin bildu da HITZA, bizi duten egoeraz hitz egiteko. Urte gogorrak izan badituzte ere, pandemiak «haize freskoa» eman die.
Herriko denda txiki guztiek bezalaxe, azken urte hauetan herriko liburu dendek ere egoera konplikatu bati egin behar izan diote aurre. Ez dira salbuespena izan. Kioskoen bidea jarraitu behar izan dute askok, betirako ateak itxiz. Tamalez, oso gutxi aurki daitezke egun. Amazon bezalako enpresa handiek, pandemiak edota irakurtzeko joera berriek gogor astindu dute sektorea, ia irentsi egin dute ohiko zuzeneko salmenta. Egoera zaila izan arren, zutik eta tinko jarraitzen dute liburu saltzaile askok. Liburuaren Nazioarteko Egunaren atarian (etzi da), horietako batzuk bisitatu ditu HITZA-k, egungo egoeraren argazki bat ateratzeko.
Bizitza oso bat eman du liburu saltzaile bezala Edurne Elorzak, 35 urte bete ditu jada Errenteria-Oreretako Mirentxu denda mitikoan. 60 urtetik gorako denda horretan jarraitzen du lanean, 16 urterekin hasi zen. Denetik saltzen du bertan: liburuak, prentsa, aldizkariak, eskolako materiala… «Lehen prentsa saltzen nuen bereziki, baina jendeak jada ez du erosteko joerarik. 60 urtetik gorakoek erosten dute bakarrik, eta oso gutxi», aitortu du.
Bezeroen mesedetan jarri du denda Elorzak, hasieratik argi izan du hori. «Jendeak eskatzen duena bilatzen dut». Egun, liburuz lepo betetako saltokia du, asko dira harengana liburu bila jotzen dutenak.
Amazon bezalako enpresa handiek mina egin diotela aitortu du, baina «bezero fidel asko» dituela azaldu du, beraz, egoerari aurre egiteko gai izan dela. «Harreman zuzen horrek ezberdintzen gaitu. Jendea buruan liburu jakin bat eduki gabe dator, eta hemen bertan aukeratzen du liburua, gure laguntzarekin, eta jendeak hori asko eskertzen du, berriro etortzen dira. Amazonek ez dizu hori eskaintzen», erantsi du errenteriarrak.
Bertan aurki daitezkeen liburuei erreparatuta, estilo eta gai askotarikoak ditu, baina euskarazko literaturan bereziki zentratu da Elorza. «Euskaraz argitaratzen den guztia ekartzen dut, ale gutxi batzuk badira ere. Liburu ederrak egiten ari dira euskaraz, ikaragarria da maila», erantsi du.
Denda handietan ez dagoena
Errenteria-Oreretan txoko bat egin duen beste liburu denda Noski! da. Sei urte daramatza erdigunean. «Liburu denda independentea gara, ezaugarri editorial zehatz batzuekin. Komertzialak ez diren liburuak ekartzen ditugu, denda handietan eskaintzen ez duten hori dugu hemen», dio bertako jabe eta langile Sihara Nuñok. Erantsi du «idazle eta argitaletxe txiki horien bozgorailu» izan nahi dutela, asmo horrekin hasi zuela bidea bere kidearekin batera.
Sei urte horiek ez direla errazak izan aitortu du, haren ustez «etengabeko ziurgabetasun batean» bizi baitira liburu dendak. «Liburua ez da gizarteak aisialdirako duen lehen aukera, hortaz, askorentzat ez da lehentasuna irakurtzea, nahiago dute pantaila baten aurrean egon», dio, atsekabez.
Pandemiak lehen hiletan sektorea gogor astindu bazuen ere, ateak irekitzeko aukera izan zutenetik hona, gorantz egin du sektoreak, «haize freskoa» hartzeko aukera eman diela esan du Noski! dendako kideak. «Pandemian jende asko irakurtzen hasi zen, ohartu ginen liburuak konpainia eta lagun onak direla, erreminta ona. Jende askok esan dit pandemian erositako liburuek salbatu zutela». Pandemiatik eskaria eta eskaintza zeharo hazi dela berretsi dute bi dendetan.
Gazteak erakartzea
Bi dendariek azaldu dute gazteak direla gutxien irakurtzen dutenak, zaila dela haiengana iristea. Irungo Tinta Comics dendan publiko horretara iristeko gai izan dira, komikietan aurkitu dute euren bidea. 2007an zabaldu zituen ateak estreinakoz, eta azken hamar urteetan Miren Itsaso Martinek gidatu du. 14 urterekin maitemindu zen komikiaren unibertsoarekin, Tinta Comics zaharrean hain zuzen. «Tinta Comics zaharra itxi zuten eta Donostiara joan behar izaten ginen komikien zaleak. Horregatik denda hartzeko apustua egin nuen, behar hori genuelako». Oarso-Bidasoko komiki denda bakarra da Tinta Comics, inguruko komiki zaleen erreferentziazko gune bilakatu da. «Familia handi bat gara, denda ez da bakarrik erosteko toki bat, elkartzeko eta trukerako gune ere bada».
Komikiek azken hamarkadan, eta bereziki pandemiaz geroztik, «boom ikaragarria» izan dutela zehaztu du, osasuntsu dagoela sektorea. «Pentsa, 2000. urtean hilean 10 bat titulu argitaratzen ziren, eta orain 120tik ez da jaisten».
Literaturaren mundu zabalean murgiltzeko komikiak erreminta ona direla dio, gazte askok jauzi hori egin baitute. Dendatik pasatzen diren gehienak 20 urte ingurukoak direla azaldu du: «Irakurtzeko lehen pauso hori emateko erreminta ona izan daiteke komikia».
Igandeko Liburuaren Nazioarteko Egunerako zenbait ekitaldi antolatu dituzte bi eskualdeetako liburu denda txikiek, tartean erreportaje honetan elkarrizketatuak izan direnek. Igandean denez, gehienak larunbatean egingo dituzte. Oarso Bidasoko HITZAren webguneetan informazio guztia dago jasota.