Mendi jarduera "polita", etorkizuna duen Bizardiaren ibilaldian
203 lagunek hartu dute parte Bizardiaren ibilaldiaren 42. ekitaldian. 22 kilometroren ondoren, hamaiketakoarekin gozatu dute.
Atzo goizean burutu zuten Gurutzeko Bizardia elkarteak antolatzen duen ibilaldia. Aurtengo 42. ekitaldia izan da, eta antolatzaileek zein parte-hartzaileek jakinarazi dutenez, jardunaldi “oso polita” izan zen.
230 lagunek hartu zuten parte ibilaldian, 104 emakumek eta 126 gizonek. 14 urtetik beherako zazpi mendizalek bat egin zuten. Horietako batek —Anek— 7 urte besterik ez ditu, eta ibilbide osoa bete zuen.
“Beti bezala”, jarraitu dute antolatzaileek, “adineko jende asko etorri zen, baina aurten gazte ugari ere izan genuen. Hor ikusten dugu gure ibilaldiak baduela etorkizuna”.
Ibilbidearen 22 kilometroak azkarren egin zutenek 3 ordu eta 26 minututan bete zuten, korrika joan baitziren. Mendizale gehienek lau ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi artean egin zuten.
Bukaera, pintxo artean
Ohi bezala, ibilaldia Bizardiaren egoitzan bukatu zen, eta bertan hamaiketakoarekin gozatzeko aukera izan zen. Pintxoekin gozatzeko aukera izan zuten mendizaleek, indarrak hartzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, parte-hartzaileen zorion mezuak jaso zituzten, eta berriro parte hartuko dutela hitz eman zieten.
2024ari begira jarri dira. “Badakigu urtero ibilaldi ezberdin bat prestatzea zaila dela, baina hori ere erronkatzat hartzen dugu eta hurrengo urterako saiatuko gara beste bat bilatzen”, esan dute.