Gatiburen kontzerturako sarrerak salgai daude
Bizkaiko taldeak kontzertua emango du Landetxen, maiatzaren 13an. Eserlekuak kenduta, 600 lagunentzako tokia egongo da.
Oiartzunek maiatz oparoa izango du kulturari dagokionez, eta horietako ekitaldietako bat Gatiburen kontzertua izango da.
Maiatzaren 13an —larunbata— izango da emanaldi hori, Landetxen. Egun horretarako eserlekuak kendu eta 600 ikuslerentzako tokia izango da.
Bizkaiko taldeak EH Distopikala diskoa aurkeztuko du, bere ibilbideko hamargarrena. Eremu berriak esploratu dituzte, eta pop elektronikoa, funkya eta doinu latino, karibetarrak zein afrikarrak uztartzen ditu.
Diskoaren izenburuaren bitartez bi kontzeptu islatu nahi dituzte. Alde batetik, 1980ko hamarkadan boladan jarri zen Euskal Herria Tropikala. Bestetik, etorkizun apokaliptikoa, klima aldaketak eta pandemiak eragin dutena.
Kontzertua 22:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude, 20 euroren truke. Kasu honetan, taldearen webgunearen bitartez erosi beharko dira sarrerak.