Lau milioi euroko gerakina eta lau proiektu berri
Fanderiako igerilekuko estalpe berria, Fanderiako pilotalekuko zoruan konponketak hezetasun arazoak konpontzera, herriko garraio publikoa sustatzera, eta Agustinetako lanbide sortzaileen poloan kudeatzailea kontratatzera bideratuko du gerakinaren zati bat.
Lau milioi eurotik gorako gerakina, 4,6 milioi euro zehazki. Hori da 2022ko kontuak ixtearekin batera aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren arteko diferentzia. Diru hori, aurtengo aurrekontuari —63 milioi eurokoa—gehituko dio udalak —67,6 milioi eurokoa izango da orain—, eta horri esker, lau proiektu berri garatuko ditu udalak.
Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur eguerdian Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, eta Maite Gartzia alkateordeak. Otaegik hartu du hitza, eta berak eman ditu azalpenak. Gerakinaren zati bat dagoneko existitzen ziren diru zatiak handitzera bideratuko dituela udalak jakinarazi du alkateak. Horien barruan, Barandiaran parkean deskontaminazio lanetan jarraitzeko 150.0000 euro gehituko ditu udalak, “parkea errealitatea bihurtzeko pausuak azkartuz”.
Horrekin batera proiektu berriak txertatu dituzte. Kirol ekipamenduekin lotutakoak dira horietako bi, Otaegirentzat, “estrategikoak” direnak: “Batetik Fanderiako igerilekuko estalpeak aldaketa behar du”. Estalpe berri horretarako 720.000 euroko diru zatia bideratu du udalak gerakinetik, “horietatik 300.000 euro aurten aurreikusi dira, eta gainontzeko 420.000 euroak konpromiso kreditu gisa 2024 urterako”.
Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekuak dituen hezetasun arazoei aurre egiteko bideratu da bigarren inbertsioa. Zoruan interbentzioa egiteko 80.000 euroko diru zatia aurreikusi eta konprometitu du udalak. Pilotalekuak “premiak” dituela esan du Otaegik, “lurrak dituen hezetasun arazoengatik partidak bertan behera utzi behar izan dituzte. Egoerak asko oztopatzen du frontoiaren beraren erabilera, eta horregatik, erabateko lehentasuna eman diogu”. Egingo duten interbentzioarekin “asmatzea” espero dutela esan du udal agintariak, “Fanderiak berezko izaera du, eta hori arazo bat da, baina espero dugu asmatzea oraingoan, EPLEk eta frontoiaren jarduerak normaltasuna berreskuratu dezan”.
Herriko garraio publikoa sustatu
Beste inbertsio garrantzitsua, garraio publikoa indartzea izango dela jakinarazi du. Horretara, 220.000 euro bideratu dituzte gerakinetik. Zehaztasun denak datorren astean jakinaraziko dituztela azaldu du Otaegik, baina aurreratu du gaurko agerraldian, zerbitzuaren estaldura handituko dela, “linea berri batzuk martxan jarriko dira herriko txoko guztietara garraio publikoa irits dadin, eta egungo linea batzuetan maiztasuna handitu egingo da”. Auzoekin harreman zuzena duela udalak nabarmendu du Otaegik, “bi urtean behin egiten diren auzo batzarren bidez, zein auzo elkarteekin dugun harreman etengabearekin”, eta harreman zuzen horretatik jasotako eskaerari erantzutera datorrela azken inbertsio hori azaldu du. Herriko garraio publikoa indartuko du neurri horrek.
Azkenik Agustinetako lanbide sortzaileen poloan jarri du fokua. Izan ere, aurrera doaz lanak, eta irailerako amaituta eta abiatzeko prest izatea aurreikusi du, hornidura prozesua tartean dela. “Proiektua gidatuko duen pertsona behar da, eta obrak bukatu aurretik pertsona hori lanean hastea da helburua, eta kudeatzaileren hautaketa prozesua martxan jartzeko zein kontratazioa egiteko 60.000 euroko diru zatia aurreikusi dugu”.
Azkenik, asteartean egindako udalbatzaren ohiko osoko bilkuran onartu zuten udal langileei produktibitatea ordaintzea. 920.000 euro erabiliko dira horretarako, “plenoan bertan onartu ziren bai produktibitatearen kopurua baita hori ordaintzeko irizpideak zeintzuk izango diren”.
Administrazio publikoan garrantzitsuena “aurrekontuak exekutatzea” da Otaegiren hitzetan, “badaude gerakin ikaragarriak dituzten udalak, baina proiektuak exekutatu gabe gelditzen direlako. Ez da kasua, eta garrantzitsua da gainera gerakin hori berrinbertitzeko gaitasuna, kontuak saneatuak izanik, eta zorpetzea txikituz urtero”.