Klima arriskuei aurre egiteko plana diseinatzen ari dira Pasaian
Pasaiako Udala Klima eta Energia Plana osatzen ari da, etorkizuneko arriskuei aurre egin eta horiek herrian nahiz herritarrengan izango duten inpaktua arintzeko. Bizilagunen ekarpenak ere jasoko dituzte.
EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 04/2019 Legeak euskal udalei zenbait betebehar ezarri zizkien energiaren alorrean, eta klima eta energiari buruzko tokiko planen beharra ekarri zuen horrek. Eskakizunen artean daude, besteak beste, 2030. urterako %40ean murriztea udalak erregistratutako CO2 isurketak, edota %32ko sorkuntza berriztagarria bermatzea udal azpiegituretan.
2021eko urrian hasi zen Pasaiako Udala Klima eta Energia Plana lantzen. Lehen urratsa herritarren kezkak ezagutzeko galdetegi bat zabaltzea izan zen. Iazko urte hasieran diagnosi bat egin zuen udalak adituen enpresa baten laguntzaz, eta hor klima-kalteberatasunari buruzko txostena landu zuten, Pasaian eta pasaitarrengan eragina izan dezaketen arriskuak identifikatuz.
Etorkizuneko arriskuak
XXI. mende bukaerarako klima-egoera bi ardatzek markatuko dute: tenperaturen batezbestekoaren igoera orokorra gertatuko da, eta urteko prezipitazioak hein batean murrizteaz gain, eurite geroz eta puntualagoak —eta beraz, lehorte gehiago— izango dira, alegia, maiztasun gutxiagorekin baina intentsitate bortitzagoz botako du ura.
Faktore horiek, baina, zer-nolako inpaktua izango dute Pasaian eta bertan bizi direnengan? Lautan banatzen ditu udalak jasotako txostenak ondorio horiek: bero-boladek bizilagunen osasunean —bereziki adinekoenen artean— izango duten eragina; itsas mailaren igoerari lotutako ondorioak; lehorteen eragina jarduera ekonomikoetan; eta prezipitazio bizien eragina biodibertsitatean.
Bizitegi-lurrak ere sufrituko du. Joerak bere horretan mantenduz gero, adituek diote portua litzatekeela arriskuan legokeen azpiegitura nagusia, urarekiko gertutasunagatik.
Donibane litzateke gehien erasandako barrutia. Aurreikuspenen arabera, gutxika urpetzen joango lirateke barruti arrosaren ertzak, eta 2100erako urak hartuta leudeke kaiak eta alde zaharraren zati handi bat. Itsas mailaren igoeraren eta eurite bizien konbinazioaren ondorioz, urpetzeko arriskua duten eremuak %15 handituko lirateke 2100. urterako.
Lehorteek eragina izango lukete, adituen arabera, pasaitarren osasunean ere bai. Erikortasuna handituko litzatekeela baieztatu dute, eta arnasketa arazoek —alergiak, kasu— nabarmen okerrera egingo luketela.
Horren aurrean, zer?
Hain justu, aipaturikoak arintzeko helburuz ari dira lanean udal teknikariak Klima eta Energia Plana osatuz. Dokumentua oraindik onartuta ez badago ere, zirriborroa fase aurreratuan dago eta martxan jarriko liratekeen ekintzen laburpena egin dute udal arduradunek.
Zazpi sektore barnebiltzen ditu planak: udala, etxebizitzak, zerbitzuak, mugikortasuna eta garraioa, hondakinak, ura eta lehen sektorea. Horiez gain, adaptazioaren inguruko lan-ildo konkretu bat ere badu.
Lan-lerroak bederatzi dira: aurrezki eta eraginkortasun energetikoa sustatzea; tokiko sorkuntza energetiko berriztagarria bultzatzea; mugikortasun iraunkorra indartzea; hondakin sorkuntza murriztu eta horien berrerabileraren aldeko saiakerak egitea; bizilagunen osasunerako eta erosotasun termikorako neurriak hartzea —besteak beste, itzaldun berdeguneak edo iturriak ezartzea—; etorkizuneko klima-panoramara egokitutako udalerri ereduaren alde egitea; baliabide hidrikoak zaintzea; lehen sektorea aldaketa klimatikora egokitzen laguntzea; eta herriaren erronka klimatikoei aurre egingo dien gobernantza eredua eratzea. Lan-lerroetan definitutako ekintzak martxan jarriko balira, planeko helburuak beteko lirateke.
Planak oraingoz jasota duena herritarrekin partekatzen jarraitu nahi dute euren ekarpenak jasotzeko. Horretan hurrengoak DBH eta Batxilergoko ikasleak izango dira, lan-saio bana egingo baitute herriko ikastetxe bakoitzean. Ekarpenak zirriborrora atxiki, eta politikari nahiz bizilagunei aurkeztuko diete gero Klima eta Energia Plana.