Mitxintxola gainetik Etxera Eguna aldarrikatzera deitu du Sarek
Santiago plazatik abiatuko da martxa, maiatzeko lehen igandean. Tontorrean hamaiketakoa jan eta suziriak botako dituzte aldarri gisa.
Mitxintxolara bidea egingo dute pasaitarrek maiatzeko lehen igandean, 7an, Sare Herritarrak deituta. Euskal preso eta iheslariei babesa adierazteko, Etxera Eguna herriko puntu altuenetik aldarrikatuko dute hitz, hamaiketako eta suziriz.
Donibaneko Santiago plazan egin dute hitzordua, igandeko 10:00etan. Bertatik Jaizkibelgo gainera abiatuko dira herritarrak, ordubete inguruko iraupena duen bidean, eta tontorrera heltzean hamaiketakoa jango dute.
12:00etan, denak 312 metroko gainean daudenean, suziri jaurtiketa hasiko da, Etxera eguna lau haizetara aldarrikatzeko. Bueltako bidea eginda, 13:30a inguruan enkartelada egingo dute, abiapuntu izandako plazan.