[Bideoa eta galeria] Eros ahalmena bermatuko duten pentsio eta soldatak nahi dituzte
Euskal Herriko pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioetara deitu du, gainera, hilabete honetan, mobilizazio eta presio sozialarekin jarraitzea ezinbestekoa jota. Lehena hilaren 13an izango da Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa 12:00etan abiatuko da alderdi Ederretik. Bigarren deialdia, hilaren 25ean egin du. Manifestazioa egingo dute orduan Gasteizko Plaza Berritik Legebiltzarrera.
Astelehena jai eguna izanik, gaur atera da kalera Duintasuna. Beti moduan, pentsio eta soldata duinen aldeko aldarria zabaldu dute, eros ahalmena bermatuko duen diru sarrera duina, finean. Espainiako Estatuko Kongresuak pentsioen erreformaren bigarren zatia itxi ondoren balorazioa egin du pentsiodunen mugimenduak manifestazio aurreko elkarretaratzean: “Hau ez da bost urte baino gehiago kaleetan eskatzen ari garen erreforma. Gutxieneko pentsioen igoerarekin, horiek ez dira 1.080 eurora ere iristen. Gobernuaren taularen arabera, aurten 243 eurokoa izatetik 2027 urtean 873 eurokoa izatera pasako litzateke”.
Pentsioak kalkulatzeko kotizatutako urteen aldia 25 urtetik 29ra igotzea gogor salatu dute, “ez 25, ez 29, ez 30, 2011 urtearen aurreko 15 urteetara itzultzea exijitzen dugu kalkulua egiteko”. Martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuak murrizketak dituela ere azaldu dute, “izan ere, aurreko erreformetatik eratorritako pentsioen murrizketak mantentzen ditu. Erretiro adina 65 urtetik 67ra igotzea, pentsioen %100 eskuratzeko kotizatutako urteak handitzea, edota pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak 15etik 25era igotzea mantendu dituzte”.
Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei eskaera zehatza egin diete pentsiodunek: “Parlamentuaren tramitazioa balia dezatela aurten ezkontidea ardurapean ez duen pentsiodunaren gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzeko, hamalau ordainsaritan”. Pentsioen erreformen murrizketak indargabetzea eskatu dute halaber, 2011koa barne, konpentsazio ordainsarien berrezartzea, “pentsioen erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko”.
Soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerrarazteko neurri “eraginkorrak” ere galdegin dituzte, enplegu pentsio plan kolektiboek laneko errenta gisa kotizatzea, eta zergak ordaintzea.
Manifestazioak Donostia eta Gasteizen
Euskal Herriko pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioetara deitu du gainera hilabete honetan, mobilizazio eta presio sozialarekin jarraitzea ezinbestekoa jota. Lehena hilaren 13an izango da Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa 12:00etan abiatuko da alderdi Ederretik.
Bigarren deialdia, hilaren 25ean egin du. Manifestazioa egingo dute orduan Gasteizko Plaza Berritik Legebiltzarrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak egin du deialdia. Autobusak 08:30ean abiatuko dira, izena emateko epea hilaren 18ra arte izango da zabalik, eta aldez aurretik ordaindu behar da. Prezioa, 10 euro.
Protesta horri ikusgarritasun handiagoa eman asmoz, hilaren 22tik 25era oinezko martxak egingo dituzte Bizkai eta Gipuzkoatik Gasteizera. Gipuzkoan lau etapa izango dira: hilaren 22an Bergaratik Eskoriatzara egingo dute bidea oinez, 15 kilometro, 14:00etan abiatuta; hilaren 23an, Eskoriatzatik Landara, 12 kilometro, 10:00etan abiatuta; hilaren 24an Landa eta Eskalmendi lotuko dituzte, 14 kilometro, 10:00etan abiatuta; laugarren eta azken etapak Betoño eta Gasteizko Plaza Berria lotuko ditu, 3,5 kilometro, 10:00etan abiatuta.
Oinezko ibilaldia egin nahi dutenek hilaren 15era arte dute izena emateko epea. Nahi adina etapa egin daitezke, laurak, edo banakakoak. Herri bakoitzeko pentsiodunen batzordean eman behar da izena ibilaldirako zein autobuserako.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaineko hitzaldia
Hitzaldi dinamikarekin jarraitzen du, bestalde, Duintasuna elkarteak. Bihar bertan (asteazkena) Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren gainean arituko dira 18:00etan hasita. Reina aretoan izango da hitzaldia. Duintasunak herritar denak deitu ditu parte hartzera lehen eskuko informazioa jasotzeko.