Txapela Pasaia Kayakentzat, Espainiako Txapelketan
Iñaki Fernandez eta Eukene Saezen K-2a garaile izan da Ur Lasaietako Maratoi Erdiko Espainiako Txapelketan, beteranoen kategorian.
Pozik itzuli dira Muiños herriko As Conchas urtegitik (Ourense, Galizia) Pasaia Kayakeko ordezkariak, pozik egoteko moduko emaitzak erdietsi baitituzte Ur Lasaietako Maratoi Erdiko Espainiako Txapelketan.
Izan ere, Iñaki Fernandez eta Eukene Saezek k-2 beterano mistoan lortutako garaipen garbiari esker, Espainiako txapelketako hirugarren titulua lortu dute baitute pasaitarrek, duela lau urte hasitako ibilbide berrian beste mugarri bat ezarriz. Prestatzaileen arabera, bikoteak ez zien “inolako aukerarik eman” aurkariei, 10.000 metroko lanean.
Kadete pasaitarrek, aldiz, hiru postu lortu zituzten top-10ean. Lehena banakako lehian, k-1 modalitatean, Enara Nuñez pasaitarrak lortutako hamargarren postuarekin, eta bina binakako lehian: k-2 modalitatean, Noa Revuelta eta Irati Hercek bederatzigarren postua lortu zuten, eta Gaizka Lopez irundarra eta Unai Conejero errenteriarra, aldiz, zortzigarren izan ziren mutilen kategorian.
Bakarkako laneko emaitzarik onena Mailen Vitoria altzatarrak lortu zuen Gazte Mailan, seigarren helmugaratuz. Basque Team programan parte hartzen du pasaitar ordezkari gazteak, eta egiten ari den lanaren adierazgarri da lortutako emaitza ona, denboraldian izan ditzakeen beste erronka batzuei begira.
Marea urdinak hitzordu bikoitza izango du datorren asteburuan: larunbatean Irunen jokatuko da Gipuzkoako Eskola Kiroleko Txapelketa (kimuak eta haurrak), eta igandean pasaitarrek etxean antolatuko dute Euskadiko K-2 Talde Ontzien Txapelketa Irekia.