Ikasturteko lanari ateak zabalduko dizkiote
Ateak Zabalduz programaren IX edizioa egingo dute jubilatuen elkarteek hilaren 8tik 12ra udalak antolatuta; urtean sortutako lanak herritarrei erakutsi dizkiete
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/05/ateak-zabalduz-2023_aurkezpenaar.jpg)
Ateak Zabalduz iniziatiba egingo dute Errenteria-Oreretako jubilatuen klubek hilaren 8tik 12ra, udalaren ekimenez. Horren barruan, ikasturtean zehar elkarteetan antolatzen dituzten tailer ezberdinetan landutakoak erakusgai jarriko dituzte Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan goiz eta arratsaldez. Gaur aurkeztu dute iniziatiba Aizpea Otaegi alkateak, Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta herriko jubilatuen elkarteetako ordezkariek.
Adinekoak eta haien ongizatea udalaren politika publikoetan elementu garrantzitsua direla zehaztu du Oategik, “are gehiago kontuan hartuta udalerriko biztanleen %25 65 urtetik gorakoa dela. Ongizate horretan erretiratuen klubak eragile garrantzitsu dira”.
Ateak Zabalduz programa erakusketatik harago doa, eta astebetez egitarau zabala ontzen dute urtero 2013an martxan jarri zuenetik udalak. Aurten erorketak saihesteko aholkuen tailerra antolatu dute Osakidetzarekin elkarlanean. Pilates, wing chun tai chi, dantza lerroan eta euskal dantza tailerren bidez, berriz, gorputzaren berreziketa egin nahi dute. Lagunkide Acogek jarduera antolatu du bestalde, eskulan tailerra egiteko aukera izango dute, eta hilaren 10ean, 11:00etan zarzuelaz gozatzeko aukera izango dute. Eresbil Musikaren Artxibora bisita egingo dute baita herrian barrena bisita gidatua ere. Euskal Jaiak ere ez du hutsik egingo eta herriko bazterrak alaituko dituzte jubilatuek aurten ere, eta pandemiak etetea ekarritako bazkaria berrartu dute aurtengo egitarauan.
Ekintza guztiak doakoak dira, bazkaria izan ezik, eta gutxi batzuetan elkarteetan izena ematea beharrezkoa da parte hartu ahal izateko. Egitarau osoa eta ekintzen baldintzak ezagutzeko hemen klikatu kartela zabaltzeko.