[Elkarrizketa] «Lehen helburua musika egitea da, hori delako betetzen gaituena»
Iñaki Perez eta Joseba Piñeiro trintxerpetarrak eta Gorka Daguerressar eta Saioa Sese donostiarrak dira Irtêra. Jada bi kontzertu eman dituzte herrian, lehena Trintxerpen eta Donibanen bigarrena. Pop-rock kutsuko diskoa kaleratzear dira.
Goian, ezker-eskuin, Daguerressar, Piñeiro eta Sese; behean, Perez. 2021ean egin zenuten bat laurek lehen entseguan. Nola sortu zen Irtêra?
GORKA DAGUERRESSAR: Iñaki, Joseba eta hirurok txiki-txikitatik pasa dugu udara Aiegin (Nafarroa). Nik banekien Iñaki musikan zebilela, eta beti, nolabait esateko, zirkuitu berdinean mugitu izan gara; talde desberdinetan, baina beti inguruan. Hortaz, musikaren arloan harremana bagenuen.
Joseba beste istorio batzuetan ibilitakoa da, eta gu baino pare bat urte zaharragoa ere bada. Ni donostiarra naiz, baina Anoetara (Tolosaldea) bizitzera joan nintzenean, Iñakiri komentatu nion bertan lokal bat hartu genuela eta hor hasi ginela entseatzen. Justu gitarrista bat behar genuen, eta hala elkartu ginen.
Talde batean jotzen hasi ginen, baina bakarrik gelditu ginen. Hor esan genuen: ‘Aizu, gogoratzen al zara Josebaz?’.
JOSEBA PIÑEIRO: Eta horrela osatu zen taldea! Hirurak hasi ginen elkarrekin jotzen, eta Saioa Lizarrako kanpinean (Nafarroa) ezagutu nuen nik aurrerago.
SAIOA SESE: 2021eko abuztuan lagun bat eta biok asteburu-pasa joan ginen kanpinera, eta hor ezagutu ginen. Partzela batean elkartu eta Josebak ukelele bat zeukanez, hark jo eta nik abestu egin genuen.
J. P: Ahots polita zuela ikusi nuen, eta taldera batzea proposatu nion.
IÑAKI PEREZ: Trago bat hartu genuen denok entseatu aurretik elkar ezagutzeko, eta egia esan, aurreneko kontaktu hori oso ondo egon zen. Aurretik eginda genituen pare bat kanta pasa genizkion ikasteko, eta primeran abestu zituen Saioak.
Hiru abesti publikatu dituzue: ‘Beldurrik ez’, ‘Itzalargiak’, eta ‘Laino beltzak’. Baduzue besterik eskuartean?
I. P: Estudioan bost kanta ditugu grabatuta. Oraingoz hiru argitaratu ditugu, eta beste bi argitaratzera goaz hemendik gutxira. Horiez gain, hamahiru kantako errepertorioa dugu zuzenekorako. Gure kantak dira denak, ez dugu bertsiorik jotzen. Badugu asmoa aurten beste hiru kanta grabatu eta horiekin guztiekin disko fisiko bat ateratzeko.
Nola antolatzen duzue sorkuntza prozesua? Baduzue arduradunik horretan?
J. P: Orokorrean, beti gitarrarekin erritmo eta konpasak sortzen ditugu. Horiek lokalera eraman eta denon artean komentatzen dugu, gustatzen zaigun, ez zaigun gustatzen, nola egin dezakegun, zein esaldi atera… Eta hortik, gero, letra lantzen dugu. Horrela normalean.
G. D: Gitarrak eta baxuak daramaten erritmoaren arabera, nik bateria jotzen dudanez, jarraitzen diet era batera edo bestera, eta saiatzen gara Saioaren ahotsera egokitzen hori guztia.
S. S: Alegia, normalean proposamen bat eramaten da. Lokalean bertan apur bat inprobisatzen dugu, probak egin…
J. P: Gaur egun ditugun baliabideekin, grabatuta daramagu normalean proposamena. Suertatzen bada, aurrera; eta bestela, zaborretara. Letra gehienak Saioak eta Iñakik sortzen dituzte.
S. S: Doinua, gehienetan, Iñakik. Letrak, batzuetan, abesti edo doinu baten gainean idazten ditut, baina bestela ere nik aparte idazten dut, eta Iñakik uste dut ere hala egiten duela. Idazten zoaz eta gero ikusten duzu ea zerekin bat egin dezakeen sortu duzun horrek.
I. P: Niri gertatu izan zait Saioari letra bat pasa eta hark ia goitik behera aldatzea. Tira, kanta horrekin transmititu nahi duzunaren arabera, agian Saioari beste zerbait eskatzen dio letra horrek.
Halakoetan ez zarete haserretzen?
G. D: Bai!.
I. P: Baita ni ere [barrez biak].
S. S: Bai, tira, ez da haserretu ere, baina agian zuk argi ikusten duzu zerbait, izugarri gustatzen zaizu, eta besteei agian bat ere ez. Eta, orduan, diozu: «A ze kaka! Nolatan ez duzue ikusten?» [barrez]. Nik uste, kasu horietan, garrantzitsuena argi hitz egitea dela, eta kito.
J. P: Zailena, askotan, abesti bat denoi gustatzea izaten da. Bati ez bazaio gustatzen, ez da berdin joko, eta hori hala adostu genuen: denoi behintzat zerbait gustatu behar zaigu. Norbaitek badio «abesti hau gorroto dut!», bada, kanpora. Orain arte ez zaigu gertatu halakorik.
Zein da zuen musika estiloa?
G. D: Pop-rock kutsua dugula diogu.
J. P: Nahasketa hori badago. Abesti batzuk, agian, gogorragoak izan daitezke, rockeroagoak edo, baina Saioaren ahotsarekin leundu egiten dira. Nahaste horrek badu bere puntua ere, eta nik uste ez direla rocketik pasatzen, baten bat pop izan daiteke… Adibidez, Laino beltzak abesti kañeroa da, baina Saioaren ahotsarekin nahasketa leuna sortzen da.
Euskara hutsean abesten duzue. Adostuta hartutako erabakia da, edo berez ateratzen zaizue horrela sortzea?
J. P: Ez dugu baztertzen etorkizunean hizkuntzaren bat edo beste nahastea, baina oraingoz gustura ari gara.
I. P: Konposatzaile askok diote kantaren letrak esaten diela zein hizkuntzatan abestu behar duten, transmititzen dienaren baitan. Niri, abestiak sortzean, euskaraz abestea ateratzen zait.
Egia da Saioari naturalki beste zerbait aterako balitzaio, ingelesez edo, aurrera egingo genukeela ados bagina. Orain arte ez da gertatu, baina gertatuko balitz, momentu horretan erabakiko genuke.
S. S: Bat nator Iñakirekin. Nik ez nekien nola irtengo zitzaidan idaztea, Irtêran entseatzen hasi nintzen arte ez nintzelako jarri serioski idazten inoiz; eta egia da niri ere euskaraz atera zitzaidala. Uste dut, bestalde, gure lanaren atzean badagoela euskaraz sortzeko ardura bat.
G. D: Nik txikitatik daramat musikaren munduan sartuta, eta esango nuke %99 euskal musika landu izan dudala.
Epe labur-ertainean, zein asmo duzue?
J. P: Nire lehen helburua musika egitea da, hori delako betetzen nauena. Taldearekin disfrutatzea, kontzertuak ematea, eta hortik aurrera gertatzen dena, ongi etorria. Disfrutatuko ez bagenu, niretzat ez luke zentzurik izango honek.
G. D: Ni beste proiektu batzuetan ere banabil, beste emanaldi batzuk ditut, eta uste dut baldintza minimo batzuk bete behar direla. Garagardo truke jotzea, hori 16 edo 20 urterekin egin dezakezu, baina adin batetik aurrera… Guk seme-alabak etxean uzten ditugu jotzeko.
«Uste dugu gure lanaren atzean badela euskaraz sortzeko ardura bat»
S. S: Niretzako gauza asko izaten ari dira batera, haiek egonak baitira aurretik taldeetan, baina ni ez naiz sekula ibili talde batean. Niretzat berria da musika idaztea, estudio batera sartzea, oholtza batera igotzea… Horregatik, atentzioa oso jarrita dut bide hau bizi eta disfrutatzean. Puntu horretan nago. Egin dugunetik gustukoen dudana estudioko lana izan da. Bertan sartu eta maketa grabatzeak nolabait ilusionatu nau.
I. P: Denekin nago ados maila batean, baina gertuen Josebarekin. Lokalera noa nire hiru lagunekin ondo pasatzera; gustatzen zait egiten dudana. Eta gero, aukera baldin badago jendaurrean jotzeko, zoragarri! Egia da, Gorkak esan duen bezala, egun jotzeko dauden aukerak eta baldintzak nahiko kaskarrak direla, baina nik, pertsonalki, ez diot garrantzirik ematen une honetan horri. Urtebete duen talde bat gara, musika sortzen ari gara, gure bidea irekitzen… Eta biharko egunean baten bati asko gustatzen bazaio egiten duguna, bada, bikain! Eta deitzen baldin badigute mila lekutatik, hobeto. Baina bitartean, gozatzera.
