Udan, kirola erruz
Uda 2023 kanpainaren barruan, lezoarrek udan zehar hainbat kirol jarduera egiteko aukera izango dute, herrian, eta eskualdekoetan.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/05/lezo-uda2023.jpg)
Lezoko Udalak, Oarsoaldeko udalerriekin elkarlanean, udako eskaintza zabala prestatu du haur eta gazteentzat Uda 2023 kanpainaren barruan. Jarduera gehienak 4-16 adin tartekoentzat badira ere, badira 16tik gorakoentzat prestatutako kirol jarduerak ere.
Horretan izena emateko epea zabalik da: izena emateko kirol jarduera bakoitz antolatuko duten kirol elkartera deitu behar da, eta hori egiterakoan zein txandatan aritu nahi den adierazi behar da. Ordainketa ere izena eman den klubaren irizpideen arabera egin behar da.
Itsasoko kirolak, igerilekukoak, aretokoak, eskalada, dantzarekin harremana duten jarduerak, gimnastikakoak… Oso-osoa da eskaintza. Horren berri izateko, Lezon, Bekoerrota kiroldegira eta Altzate igerilekura jo dezakete interesdunek.