Mailaz igotzeko borroka, Bekoerrotan igandean
Gipuzkoako Hirugarren Mailako finalerdietako partida jokatuko du Kurkubi Lezoskt klubaren gizonen taldeak etzi Bekoerrotan. Irabazten badute bi helburu beteko dituzte: ligako finalera iristea, eta mailaz igotzea.
2022-2023a sasoi historikoa izaten ari da Kurkubi Lezoskt Saskibaloi Klubarentzat, beraz, Lezoko kirolarentzat. Batetik, lehiarako bost talde osatu dituelako, horietatik lau emakumeenak. Bestetik, gizonen taldeak aukera duelako Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko, igandean bertan egikari dezakeena. Talde horrek bere mailako finalerdietako neurketa jokatuko du etzi Bekoerrotan (18:0o) Andoaingo Zurrut SKren kontra: lezoarrek irabaziko balute, Gipuzkoako Hirugarren Mailako finalera pasa eta mailaz igoko lirateke.
Igandeko partidaren analisia egin du Iñigo Sarasola Mendizabalek: 208 zentimetro altuerako jokalaria lezoarren eraso jokoan itsasargi da, eta defentsakoan harresia. «Gustuko dugun kontrarioa da Zurrut. Ikusi dugunez, gure taldearen oso antzekoa da. Uste dugu, zeuden aukeren artean, guri egokien datorkiguna dela. Guk gure lana egin behar dugu. Lasai gaude», esan du.
Izan ere, liga erregularreko 18 partidetatik den-denak irabazi zituen Kurkubik, askotan 30 punturik gorako aldearekin. Aloña Mendiren kontrako final-laurdenetako lehian ere egurra eman zuten lezoarrek, 82-56 gainditu zituzten oñatiarrak. Beraz, Sarasolak «gure lana» aipatzen duenean esan nahi du sasoi osoan egindakoa errepikatzen badute, ez luketela arazorik izan behar finalera sartu eta maila bat gorago egiteko. «Baina erne. Egun txar bat edozeinek izan dezake. Haien jokatzeko moduagatik lasai gaude, baina tentuz ibili behar gara», azaldu du pibotak.
Eskarmentudun taldea da Yesilan Kurkubi Lezoskt. Lezoarrez eta errenteriarrez osatua dago gehienbat, eta haietako askok dezenteko esperientzia dute Gipuzkoako saskibaloian. Ia zerotik hasi zuten euren proiektua udan, eta emaitzak ematen ari da: «Lagun talde bat gara. Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Orain 27-28 urte ditugula, elkartu eta taldea osatzea erabaki dugu. Gozatzen ari gara».
Euren asmoa da urteka-urteka mailetan gora egitea. Kurkubiren txikitasunetik, apurka Oarsoaldeko saskibaloiaren erreferentzia izatea. 2022-2023 sasoia bide horretan mugarri izango dela ziur daude Lezoko taldeko jokalariak.
Etxean
Kantxetatik kanpo ere lan egin behar izan du Kurkubik. Hasiera batean, bai finalerdietako partida, eta horren emaitzaren arabera finalekoa edo 3-4 postuetakoa ez zen Lezon jokatzekoa. Baina ligako bi multzoetako onena izanik (bi multzoen artean 20 talde zeuden), Gipuzkoako Saskibaloi Federazioan kantxa faktorea euren aldekoa izatea eskatu zuten, horretarako eskubidea zutela aldarrikatu zuten. Baita lortu ere.
«Zaleen aurrean jokatzea oso garrantzitsua izango da guretzat. Finalera iristen bagara, gozatzeko eguna izan behar du horrek, bai partidarekin, eta suertatzen bada garaipenarekin. Ospatzeko aukera izango dugu, bai guk, zein zaleek. Ederra izan daiteke». Baina Sarasolak azpimarra jarri du finalera iristeko koska nagusia, final-laurdenetako trantzea erraz pasata, igandekoa dela: «Festa egin aurretik, kantxan azaldu behar dugu onenak garela».