[Bideoa] Pankartak kendu arren, aurrera doaz parke duinen eskaerarekin
Lezoko Ttikiak mugimenduko partaideak kalera atera ziren atzo berriz ere. Datorren ostegunean, herriko parkeetatik bira egingo dute.
Atzo, ostegunarekin, Lezoko Ttikiak mugimenduko kideak kalera atera ziren berriz ere. Gurutze Santuaren plazan eskatu zuten herrian dauden parkeek mantenua behar dutela, eta berriak behar direla, adin ezberdinetako herritarrei aisia beharrei erantzuna emango dietenak.
Mugimenduko kideek HITZAri esandakoaren arabera, musika instrumentuekin eta ahotsarekin kaleratu zituzten euren aldarriak. Baina penatuta agertu dira, aurretik euren aldarrikapenak jendartera zabaltzeko plazan jarritako pankartak kendu zizkietelako. Penatuta gurasoak, eta haurrak ere bai. Hala ere, egoera irauli, eta ez zuten etsi euren eskaerak zabaltzeko grinarekin. “Arratsalde produktiboa izan zen, besteak beste, alkateak ere entzun zituelako gure aldarriak”, esan dute
Aurrera jarraituko dute euren bidearekin. Hurrengo hitzordua datorren ostegunerako (hilak 11) ezarri dute: Euskal Herria plazako parkean geldituko dira 17:00etan, eta handik hasita herriko parkeetatik bira egingo dute, mobilizazioa Gurutze Santuaren plazan bukatzeko argazki erraldoiarekin. Aldarrikapenerako prestatu dituzten elastikoan soinean eramango dituzte.
Jarraian, atzoko elkarretaratzearen une baten bideoa:
