'Zazpi andra' kantu emanaldia, baztertutako hitzak erdigunean jartzeko
Emakumeek sortu eta bazterrean geratutako inoiz, edo ia inoiz, kantatu gabeko piezak hartu eta musika emanaldia sortu dute Arantza Perez Eizagirrek, Izaskun Gonzalez Garmendiak, eta Juan Gorostidi Berrondok.
Emakumeen Etxean izango dira ekintzak. Emakumeek sortu eta bazterrean geratutako inoiz, edo ia inoiz, kantatu gabeko piezak hartu eta musika emanaldia sortu dute Arantza Perez Eizagirrek, Izaskun Gonzalez Garmendiak, eta Juan Gorostidi Berrondok. Zazpi Andra izenburupean, emanaldi horrekin gozatzeko aukera izango da hilaren 11n, osteguna, 19:00etatik aurrera Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxean.
Euskara idatziak aspaldi ikusi bazuen argi ere, XX. mende erdira arte herri xehea agrafoa zela nabarmendu dute emanaldiaren arduradunek, “jende haien hitzak, bertsoak eta kantuak ahotik belarrira transmititzen ziren, buruz ikasiz aipagarrienak, aldatuz eta zabalduz mendeetan zehar”. Gaur egunera arte iristea lortu duten piezetako askoren egileak ezezagunak dira, eta beste batzuk, emakumeek eginak. “Hala ere gizonek betetzen zituzten plazak garai haietan eta emakumeen ahotsa, bazterrean geratzen zen”, erantsi dute. Horiek dira musika emanaldirako aukeratutako lanak, “bazterrean geratutako emakumeek egin eta inoiz edo ia inoiz kantatu ez diren zenbait pieza prestatu ditugu”.
Zaharrena, Milia Lasturrekoa da. XV. mendekoa da, eta denboran hurbilena, berriz 1930eko Haranbeltzeko (Zuberoa) Buhamisa batek bere senarrari minduri eresia. Horiekin batera Marijoan Igoa Eritzekoa, Joxepantoni Aranbarri Xenpelar… eta izen gabeko beste hainbat.
Perezek (ahotsa eta perkusioa), Gonzalezek (tronpeta), eta Gorostidik (konponketak, gitarra eta ahotsa) datorren ostegunean egingo dute emanaldia Emakumeen etxean.
