Autoritatedun garaipenak lortu dituzte lehen taldeek
OKEko emakumeen talde nagusiak zazpi gol sartu dizkio Gasteizko Aurrerari. Mutilen taldeak 3-1 irabazi dio Hernaniri, eta areto futbolean, 3-6.
Asteburu bikaina izan da Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusientzat. Emakumeen taldeak zakukada bat gol sartu dizkio Gasteizko Aurrerari.
Lehenengo gola egitea kostatu bazitzaien ere, aurrenekoa lortuta, bata bestearen atzetik etorri ziren. Modu horretan, laugarren postua ziurtatu zuten oiartzuarrek, atzetik datorkien Añorgak galdu egin baitzuen Eibar Bren kontra.
Datorren asteburuan jokatuko dute ligako azkeneko partida, Eibar Bren etxean. Bigarren postuan daude armaginak, eta zaila dirudi hiru puntuak ekartzea. Burgosek galduz gero —ia ezinezkoa litzateke—, hirugarren postura jauzi egingo lukete oiartzuarrek.
Mutilen taldearen ligan oraindik hiru jardunaldi falta dira, eta oiartzuarrek kolpe ederra eman zuten mahai gainean. Hernaniren bisita jaso zuten; larunbatera arte hirugarren ziren sailkapenean.
Oiartzuarrak oso ongi atera ziren zelaira, eta falta jokaldien bidez iritsi ziren lehen bi golak, atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatia hasi bezain pronto sartu zuten hirugarrena.
Hernaniarrek erreakzionatu, eta gola sartu zuten kornerreko jokaldi batean. Epaileak kanpoko taldearen aldeko penaltia adierazi zuen beldurra sartu zitzaien oiartzuarrei, baina huts egin zuten, eta etxekoak berriro jokoaren jaun eta jabe izan ziren.
Areto futbola
Areto futboleko talde nagusia partida hasi eta berehala aurreratu zen Mondrateren zelaian. Hala ere, arrasatearrek buelta eman zioten markagailuari, eta atsedenaldira iritsi baino lehenago berdindu zuten oiartzuarrek.
Bigarren zatia bikain hasi zuten oiartzuarrek, eta hiru gol jarraian sartu zituzten. 2-5eko emaitzarekin, oiartzuarrek izan dute jokoaren kontrola, eta partidaren bukaeran gol bana sartu zuten bi taldeek.
Liga laugarren postuan bukatu dute oiartzuarrek, eta datorren asteburuan play-offetako partida jokatuko dute Elorsoron.
Miren Taberna taldeari dagokionez, defentsan ongi hasi zen Bilkoin Basaberen kontra. Kontraeraso bat aprobetxatuta, oiartzuarrak aurreratu ziren. Nahiko berdinduta joan zen partida, bukaerarako bi minuturen faltan legorretarrek berdindu zuten arte.
Beraientzat ere asteburuan bukatu zen liga, eta bosgarren postuan bukatu dute, play-offetatik bi puntura.
Emakumeen Lehen Nazional Maila
- Oiartzun — Gasteizko Aurrera: 7-1.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun — Hernani: 3-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Leioako Emakumeak — Oiartzun B: 1-1.
Gizonen Gorengo Maila
- Hernani — Oiartzun B: 7-0.
Emakumeen Gorengo Maila. Igoera Fasea.
- Oiartzun Ck atsedena izan du asteburu honetan.
Mutilen Gazte Mailako Nazional Maila
- Oiartzun — Arrupe Chaminade: 2-0.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun B — Mariño: 4-3.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun B — Landetxa: 2-4.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Mondrate — Oiartzun KE: 3-6.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Taberna OKE — Bilkoin Basabe: 1-1.