Azken partidako porrotak ez du denboraldia desitxuratu
Eibar bigarren sailkatuaren etxean galdu dute oiartzuarrek, gol bateko aldeagatik. Areto futbolean, play-offa itzulikoan erabakiko da.
Oiartzun Kirol Elkarteko emakumeen talde nagusiak bukatu du denboraldia. Eibarren etxean jokatu zuten, eta litekeena zen oiartzuarrek irabaziz gero, eta Burgos hirugarren sailkatuak huts eginda, haiek gainditzea.
Ez zen erraza, Eibar gainditu behar baitzuen, ligako txapeldunorde geratu diren berberak. Oiartzuarrek, gainera, maila tekniko eskaseko norgehiagoka jokatu zuten.
Eibartarrak aurreratu ziren, baina atsedenaldiaren bueltan berdintzea lortu zuten. Jokoa oso orekatua izan zen, bost minuturen faltan etxekoek garaipenaren gola sartu zuten arte.
Porrotak, hala ere, ez du oiartzuarren denboraldi bikaina desitxuratu. Laugarren postuan geratu dira, bosgarrenari zazpi puntuko aldea aterata.
Mutilen berdinketa
OKEko gizonen talde nagusiak, berriz, Lesakan jokatu zuen. 10. minutuan aurreratu ziren oiartzuarrak, eta bi minutura aldea handitzeko aukera polita huts egin zuten.
Euriak zelaia putzuz bete zuen, eta Beti Gaztek markagailuari buelta eman zion. Oiartzuarrek ez zuten amore eman, eta partida bukatzeko hiru minutu falta zirela puntua balio zuen gola sartu zuten.
Bi partida falta dira liga bukatzeko, eta oiartzuarrek eskura dute play-offetarako sailkatzea, hirugarren baitira.
Datorren igandean jokatuko dute azkeneko partida Karla Lekuonan. Urolaren bisita jasoko dute, eta zaleen babesa ezinbestekoa izango da.
Areto futbolean, erabakitzeke
Areto futboleko talde nagusiak ostiral arratsean jokatu zuen play-offetako joanekoa, Elorsoron. Ligako txapeldunak —Egintza— izan zituzten arerio.
Oiartzuarrak oso ongi hasi ziren, eta goian presioa eginda baloi asko lapurtu zituzten. Lehenengo zatiaren erdialdean Gaizka Ezpondak oiartzuarrak aurreratzea lortu zuen.
Aukera gehiago sortu zituzten arren, ez zuten aldea handitzen asmatu.
Bigarren zatia antzera hasi zen, baloiak lapurtuz eta aukerak sortuz. Hala ere, ez zuten baloirik sareratu.
Bigarren zatiaren erditik aurrera, billabonatarrak nagusi izan ziren, eta 15 minuturen faltan berdindu zuten.
Emakumeen Lehen Nazional Maila
- Eibar B — Oiartzun: 2-1.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Beti Gazte — Oiartzun: 2-2.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun B — Bizkerre B: 2-3.
Gizonen Gorengo Maila
- Oiartzun B — Euskalduna: 1-3.
Emakumeen Gorengo Maila. Igoera Fasea.
- Oiartzun C — Dunboa Eguzki: 5-1.
Mutilen Gazte Mailako Nazional Maila
- Oiartzun — Alaves B: 2-1.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Arrupe Chaminade — Oiartzun B: 4-1.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila. Kopa
- Ordizia B — Oiartzun C: 4-0.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzun KE — Egintza: 1-1.