'Black is Beltza II: Ainhoa', ostegunean Landetxen
Fermin Muguruzak aurkeztuko du bere animaziozko bigarren filma. Sarrerak webgunean eros daitezke.
Black is Beltza II: Ainhoa filma proiektatuko dute bihar Landetxen, 19:30ean. Fermin Muguruza zuzendariak Euskal Herrian egingo duen azken aurreko aurkezpen ekitaldia izango da.
Animaziozko filma ikusteko sarrerak udalaren webgunean eros daitezke, 3 euroren truke.
SINOPSIA
Ainhoa La Pazen (Bolivia) jaio zen mirariz, Amanda, bere ama atentatu parapolizial batean hil ondoren. Kuban hazi zen, eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatu zen, Manex aitaren lurra ezagutzeko lehen helmuga gisa. Errepresio-gatazka batean, Josune kazetari konprometitua eta lagun-taldea ezagutu ditu.
Josuneren mutil-laguna heroina-gaindosiagatik hil da, eta Ainhoarekin joatea erabaki du, Libano, Afganistan eta Marseillako hirian barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta narkotrafikoaren sareen mundu ilunean eta bilbe politikoekin dituzten lotura estuetan murgilduko dira biak.