Kirolean ere, ikuspegi feminista landu nahi dute
Udalaren sail guztietan ikuspegi feminista sartzeko asmoarekin, kirol arloko diagnosia egin nahi du udalak. Bi bilera antolatu dituzte.
Sail eta esparru guztietan ikuspegi feminista txertatzea da Oiartzungo Udalaren helburua. Iaz Manuel Lekuona bibliotekako haurren saileko liburuen diagnosia egin zuten, eta aurtengo lana kirol eremuan izango da.
Udalak esan duenez, gaur egun egoera asko hobetu da, baina oraindik lan asko dagoela egiteko, bereziki «gizonezkoentzako kirolen» arloan. “Horregatik diagnostiko honekin guztientzat izango diren kirol baliabideak eta eskaintza bermatu nahi ditu udalak”.
Gogorarazi dutenez, duela urte batzuk hasi zuen udalak Kirol sailean ikuspegi feminista txertatzeko bidea.
Hainbat galderari erantzun nahi diete: Zein traba dituzte emakumeek kirolean hasteko? Bertan aurrera egiteko dituzten oztopoak zein dira? Zer dela eta ez dute gizonek bezainbeste kirol egiten? Adin batetik aurrera zergatik uzten dute? Udalak elkarteei banatzen dien diru-laguntzetatik zenbat ematen dira emakumeen parte-hartzea sustatzeko? Zein neurri hartu beharko lirateke udaletik herrian kirol arloan emakumeen partaidetza sustatzeko eta diskriminazio egoerak desagerrarazteko?
Horregatik, emakumeek kirola egiten hasteko, egiteko zein jarraitzeko dituzten oztopoak azaleratu nahi dituzte, diskriminazio egoerak bukatzeko neurriak zeintzuk diren ikusi edo diru-laguntzen zenbatekoa den emakumeei bideratutakoa jakin, besteak beste.
Galdera horiei guztiei erantzuna aurkitzeko bi saio ireki antolatu ditu udalak. Maiatzaren 29an 17:00etan egingo dute lehenengoa, federatuta dauden emakumeekin. Kirola eta ariketa fisikoa federatu gabe egiten duten emakumeekin egingo dute bigarrena, ekainaren 6an 17:30ean. Udaletxeko bilera gelan izango dira biak ala biak.
Kirola modu batera edo bestera egiten dituzten emakumeak gonbidatu nahi ditu udalak, guztien iritzia “garrantzitsua” dela nabarmendu baitu.