Lourdes del Hoyoren hilketa matxista salatuko dute
Oiartzungo Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, Orioko hilketa salatzeko.
Lourdes del Hoyo 47 urteko donostiarra hil zuen, astearte arratsaldean, bere bikotekide ohiak.
Kanoiak ebakita zituen eskopeta erabili zuen emakumea hiltzeko, eta gero bere buruaz beste egin zuen.
Hilketa matxista hori salatzeko asmoz, Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du ostegun arratsalderako —hilak 18—.
“Nazkatuta, haserre eta minduta” daudela esan du Oiartzungo mugimendu feministak, eta hori adierazteko deia egin dute. Plazan elkartuko dira, 19:30ean.
Lourdes del Hoyoren hilketa 129.a da, 2003an hilketa matxistak kontatzen hasi zirenetik.
Udalak bat egin du
Oiartzungo Udalak, ohar baten bidez, Orioko hilketa matxista “gogor” gaitzetsi du. Horrez gain, gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi izan du.
Era berean, arratsaldean elkarretaratzeko deialdiarekin bat egin dute. Herritarrei bertara joateko gonbita egin diete.
Udaletxeko balkoian indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarri dute.