[Irudiekin] Heteroaraurik gabeko Oiartzun margotu dute
LGTBIQ+fobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Euskal Herria plazako lau eserleku margotu dituzte eta argazki jendetsua atera dute.
Atzo LGTBIQ+fobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna zen. Data ez da ausaz hautatutakoa, maiatzaren 17 batean Osasun Mundu Erakundeak homosexualitatea buru nahasmenen zerrendatik atera baitzuten. Duela ez asko: 1990ean atera zuten zerrenda horretatik. Transexualitatea, berriz, duela bost urte.
Askatasun sexuala aldarrikatzeko eta fobiarik onartuko ez dutela argi uzteko, margotzea egin zuten atzo Euskal Herria plazan, Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta. Ku-ku haur literatura ekimena, Abaraxka ludotekak —erraldoiekin—, Killirikupe eta Hatzamarkak bat egin zuten deialdiarekin.
17:30ean jarri zuten zita, eta auzolanean margotu zituzten plaza horretako lau eserleku, bi ortzadarraren kolorearekin eta bestea transexualen banderarekin.
Eguneroko zapalkuntza
Brotxa eta pintzelekin egin beharreko lanak bukatuta, irakurketa egin zuten. Argi utzi zuten LGTBIQ+fobiarik ez dutela onartuko.
“Askok pentsa lezakete”, esan zuten, “gaur egun ez dagoela LGBTI+fobiarik, ez dela hainbesterako, Oiartzunen sexualitate eta genero identitate disidente edo ez-hegemonikoek, indibidualki bada ere, tokia dutela, cis eta heterosexualen pare. Baina ez da horrela”.
Aurrerapauso batzuk egon direla onartuta, oraindik “egiturazkoak diren zapalkuntzak” zein “pentsamolde atzerakoi heteropatriarkalak” iraultzeko lana dagoela adierazi zuten.
“LGBTI+fobiaren adierazpen latzenak denok ezagutzen ditugu: bullyinga, irainak, depresioa, jipoiak, suizidioa, eta abar. Baina beste batzuk ezkutuan gelditzen dira, sotilak dira, ia ikusezinak, baina hor daude, egunerokoan, gure inguruan”, esan zuten, adibide zerrenda bat plazaratu aurretik.
Adierazi zutenez, pertsona heterosexualek ez dute diskriminaziorik pairatu behar beraien sexu-aukeragatik. Eta hausnarketarako deia egin zuten: “Zapalduta dauden kolektiboek ahotsa altxatzen dutenean deseroso sentitzen denak badauka zer hausnartua. Bai, pribilegioez ari gara: gizon heterosexual, txuri, burges, kapaz, europar…”.
“Heteroarauaren kateak birrindu”
Gaineratu zutenez, “hetoarauak nahiak, ametsak eta desirak naturalak direla sinestera garamatza”. Adibideak jarrai zituzten: emakume eta gizonen arteko dikotomia; pertsona bakarra gustatzea, bizitza osorako; sexu-praktikak zein diren onargarriak eta zein ez…
“Finean”, ebatzi dute, “gure ibilbideak arautzen ditu”. “Heteroarauak” bizi proiektuak, espektatibak, gorputzak bizitzeko moduak zein esperientzia afektibo-sexualak “baldintzatzen” dituela adierazi dute, eta heterosexualitatetik at dauden dauden identitateak “bazterrean uzten” dituela adierazi dute.
Horregatik, Euskal Herrian, Oiartzunen zein mundu mailan heteroarau horren “kateak birrindu” nahi dituztela aldarrikatu zuten. Horretarako errezeta eman zuten, duela urtebete egin zuten margotzean erabili zituzten hitzekin: “Tratu onaren bidetik, desberdintasunak balioan jartzearen bidetik, ahizpatasunetik, bizipozetik, babesetik, elkartasunetik, maitasunetik, eskubideen borrokatik, ikusgarritasunetik, aniztasunetik eta errespetutik”.
LGTBIQ+ identitatea dutenak eta mugimendu feminista bidelagun izango direla argi utzi nahi izan zuten.
“Kalean egongo gara, modu honetan edo hartan bizitzen, gaur horrela eta bihar nork daki nola, nahi duguna izaten erabakitzen etengabe, aldaketa prozesuan, trantsizioan, batzuetan arauetatik gertu, beste batzuetan urrun, etengabeko gogoetan eta kuestionamenduan…”.
Arauen zurruntasunaren zuri-beltzari kolorea emango diotela iragarri zuten, atzo bezala: “Txokoak koloreztatzen, begiradak koloreztatzen, gorputzak koloreztatzen… Oiartzun koloreztatzen”.
Ekitaldia aprobetxatu zuten Villabonako eraso homofoboa salatzeko, baita gaur arratsaldeko elkarretaratzearekin bat egiteko ere.