"Honekin bukatu beharra daukagu, nazkatuta gaudelako"
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur plazan, Orioko hilketa matxista eta Villabonako eraso homofoboa salatzeko.
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsean, herriko plazan. Kalera “haserre”, “minduta”, eta “nazkatuta” atera dira, Euskal Herrian beste emakume bat hil dutelako. 2003tik 129. hilketa matxista da Oriokoa.
Lourdes del Hoyoren hilketa salatzearekin batera, asteburuan Villabona-Amasan izandako eraso homofoboa gaitzetsi dute gaurko mobilizazioan.
Samina eta elkartasuna helarazi diete Del Hoyoren senide eta lagunei, eta hilketaren irudiak zabaltzea errefusatu dute. “Ingurukoei min gehiago eragiteaz gain, morbo hutsetik sortzen den ekintza da”.
Indarkeria matxistak iaz hil zituen Maria Luisa, Felisa eta Rebeca gogorarazi dituzte, eta erasoak Euskal Herriko toki guztietan izaten direla ohartarazi dute.
“Patriarkatuaren muturreko ondorioa”
Elkarretaratzearen bukaeran irakurri duten komunikatuan esan dutenez, emakumeen kontrako indarkeriak ez du etenik izango, “gizartea egituratzen duen matxismoarekin bukatu arte”.
“Ez nahasi, hau patriarkatuaren muturreko ondorioa baino ez da, egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorio; alegia, sistema heteropatriarkalarena”, esan dute.
Emakumeak zein “heteroarauan” sartzen ez diren gorputzak sistema “biolento” batean bizi direla berretsi dute: “Haien bakeak gure guda izaten jarraitzen baitu oraindik ere. Honekin bukatu beharra daukagu, nazkatuta gaudelako gure egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean, erailak izateaz”.
Emakumeek beraien proiektuak aurrera eramateko eskubidea defendatu dute, “sistema heteropatriarkalaren” oztopoen gainetik.
Gizarte “osoaren” arazo dela esan dute. “Sistema hau iraultzeko tresna feminismotik sareak eraikitzea da, autodefentsaz, feministok batu eta gizartea errotik aldatzeko garaia da”.
Bizitza “bizigarrien” aldeko “apustu erradikala” egiten jarraituko dute, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabekoa. “Aski da! Haserre gaude. Minduta gaude. Eta nazkatuta gaude. Erailketa matxistarik ez”.