45 oiartzuar berriri eman diete ongietorria, komunitatean
2022an jaiotako oiartzuarrei harrera egin diete, zapi bat emanez eta zuhaitza osatuz. Arizmendienean giro polita sortu dute.
Iaz 61 haur jaio ziren Oiartzunen, eta horietako 45i harrera egin zieten. Arizmendieneko lorategian elkartu ziren haurrak eta haien familietako kideak.
Ongietorri komunitarioa eman zieten. Hasteko, Oihane Mitxelenak akordeoiarekin eta Ekain Perezek bere haurrarentzat sortutako abestiarekin aritu ziren.
Ondoren, Iosune Cousillas Kultura zinegotziak ongietorria eman zien “Oiartzungo komunitatera”. “Bizitza zoriontsua izateko prestatzen lagundu nahi dizuegu eta konpromisoa hartzen dugu zuek guztiak babestu eta aurrera ateratzeko”, adierazi zuen zinegotziak.
Txalaparta jo zuten, herrian festa ospatzen ari zirela jakin zezaten. Ohi bezala, bertaratu ziren haurrei zapia jarri zieten lepoan, eta beraien argazkiekin zuhaitza osatu zuten.
Haurrei Agurra dantzatu ondoren, hamaiketako batekin bukatu zuten ekitaldia.