"Eskola publikoak, Trintxerpetik, herri osoari egiten dio harrera"
Ezker Anitzak ez du ordezkaritzarik egun Pasaiako Udalean. Estreinakoz herritarrak ordezkatzeko gogotsu da Ana Alfageme trintxerpetarra.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Emakumea naiz, ama, eta nire lanbideagatik [etxez etxeko langilea da], ezin hobeki dakit zaintzak zer diren. Izan ere, gure leloa ‘Pasaia zaintzen dugu, bizimodu hobe baterako’ da.
Zaintzak, gure bizitzan zehar, oso garrantzitsuak dira. Guk erdigunean jartzen ditugu pertsonak. Horretan datza gure programa osoa: pertsonengan eta zaintzengan. Funtsezkoa da bizitza duinagoa edukitzeko kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea, eta ezinbestekoa da zaintza horiek gauzatzen dituztenen bizi-kalitatea bermatzea. Hots, zaintzaileena, zeinak, gehienetan, emakume prekarizatuak garen. Ezin da onartu udal batek zerbitzu publikoak prekarizatu eta pribatizatzea, horiek zuzenean kudea ditzakeenean.
Ezker Anitza taldeko zerrendaburua ni naiz, baina hautagaitza osatzen dugun guztiok ongi ezagutzen dugu gure herriaren errealitatea. Publikoa da defendatzen duguna, hori baita pertsona guztioi bermatzen diguna, baldintza berdintasunean, sarbidea izatea bizitza duinerako ezinbestekoak diren zerbitzuetara: osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, adineko, haur eta nerabeen arreta, eta mugikortasuna.
Gure hautagaitzak koherentzia ere badakar, esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean. Ezker Anitzako ordezkariak instituzioetan gaudenean, bai gobernuan eta baita oposizioan ere, gure programa aurrera doa gobernatzen badugu edo ez badugu ere.
Gure helburua da politika gure bizitzak hobetzeko instrumentua izatea. Hori da hauteskundeetara aurkezteko gure arrazoia: bizitza duinak izatea ahalbidetuko diguten kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea. Horregatik uste dut bozkatu behar gaituztela pasaitarrek.
2. Alkatetzara iristekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?
Pasaiak arazo erraldoi bat du: bitarteko ekonomiko oso gutxi dituela. Beraz, guk, oso borrokalari eta langileak izanki gure egunerokoan, politikan sartuko bagina, berdin izango ginateke. Bizitza pasako genuke beste instituzioetako ateei joka, eskatzeko Pasaiarentzako behar dena. Baliabide ekonomiko gutxi baldin baditugu herritarren partetik, eska diezaiegun sustengu hori eman behar dizkigutenei. Hori litzateke gure lehentasuna; horrela ez ginateke Gipuzkoako ahaztutako handienak izango.
Herritargoak sentitu behar du entzuna dela, eta hartzen diren erabakien parte dela
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
San Pedron badugu aspalditik Izarra izeneko proiektu bat, gazteentzako etxebizitza publikorako lizentzia bat da, Urrestarazu Anaiaren kaletik hasi eta Pablo Enearaino. Aspalditik buruan dugun zerbait da hori, aparkalekuarekin eta ibilgailu publikoarekin, Pablo Eneako bizilagun guztien irisgarritasuna bermatzeko.
Trintxerpen lehentasunezkoa da Ziritza etxea lagatzea udalari, herri honen proiektu kultural eta elkarte mugimendu guztia bertan gauza dadin. Hori oso-oso zentratuta gaituen zerbait da.
Legegintzaldi dezente daramatzagu, halaber, proiektu bat aurkezten Andonaegiko deposituan aparkalekuak eraiki daitezkeen eskatuz. Beti esan izan digute hori ezinezkoa dela, eta orain, hara non, beste alderdi batzuek badaramaten ideia hori euren proposamenen artean. Bada, Ezker Anitzak denbora asko darama hori eskatzen. Aparkaleku gehiago goiko zonalde guztiarentzat, eta irisgarritasun gehiago goiko auzo guzti horientzat, igogailu publiko baten bidez; baita aisiarako zonalde berde gehiago ere.
Beste kezka bat ere badugu, eta da piraguismoa eta arrauna kokalekurik gabe geldituko direla. Itsas-herri bat gara, kirol hori bizi duen jende askorekin; bada, goazen topatzera kokaleku bat haientzat. Hau lehentasunezkoa da: kirola egin nahi duen jendeari ezin zaizkio hegalak moztu.
Antxon, Luzuriagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) bigarren fasea bukatzea; bertakoentzako aparkalekua arautzea; osasun etxearentzako kokaleku berri bat bilatzea, oraindik behin-behineko barrakoietan baikaude; eta garrantzitsua da parte hartze prozesu bat egitea Antxo etorkizunean zer izango den ikusteko. Izan ere, aldaketa asko egongo baitira obrekin, baina zergatik jendeak ezin du aukeratu nolakoa izango den beraien herria? Egungo zubibidea eraistea, noski, hori ere lehentasunezkoa da.
Donibanen, saneamenduarena izugarria da, baina zergatik ez ditugu lan horiek erabiltzen hobekuntza gehiago lortzeko? Parez pare kalea zabaltzen ari bagara, erabil dezagun hori azpiegitura gehiago txertatzeko. Bestalde, Lezo-Donibane bidegorria lehentasunezkoa da, paseorako egokitutako espaloiekin.
Mugikortasunari dagokionez, garraio publikoaren hobetzea eta bizikleten mailegurako zerbitzuaren hobekuntza. Etxebizitza eta hirigintzan, erraztea etxebizitzen birgaitze eta irisgarritasuna. Errekurtsoak enplegua bermatuko duten formakuntza planetarako, eta babesa enpresa txiki eta ertainentzat, eta autonomoentzat.
Kontrolatzea gizarte-klausulen betetzea kontratazio publikoan, bermatzeko zerbitzu publiko duinak eskainiko direla kontratazio liberalen eta lan baldintza duinen bitartez. Eta aztertzea zein azpikontratatutako zerbitzu kudea daitezkeen zuzenean; egingarria baita.
4. Biziberritzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Pasaiaren biziberritzea, zeina hainbeste aipatzen duten EAJ eta PSE-EEk 90. hamarkadatik, oinarritu izan da diru publikoko milioi asko inbertitzean Pasaiako portuak bere proiektuak aurrera atera ditzan.
Zaharren egoitza bat eraikiko dute, Adinberri, trafiko pisutsu guztia daraman errepide baten aurrean. La Herrerako pabiloi batzuk diru publikoarekin eraitsi ziren, Donibaneko Nabalaldera lekualdatuz. Diru publiko gehiago, inongo eraginik izan gabe herriko enplegu eta jarduera ekonomikoan.
Kaputxinoetako portu-trafikoaren irteera ezabatzean, portuko trafiko komertzial guztia ere Hospitalillo eta Gomistegiko biribilgunetik irteten da. Portuak ez ditu behar diren neurriak ezartzen sortzen dituen ingurumenaren kutsadura nahiz kutsadura akustikoa gutxitzeko.
Ezter Anitzatik proposamen egin genuen orain dela asko, Pasaia bihurtzeko gutxitutako hizkuntzen europar hiriburua. Ikerketa bat egin zuen udalak, eta ondorioa ona izan zen. Non bukatu zuen? Herri honetako ikerketa eta proiektu guztien leku berean: kaxoi batean. Erabili zen diru guztiarekin!
Beharrezkoa da pasaitarrak eta bertako elkarte-sarea aintzat hartzea, zeinak herria egin eta aberasten duen. Herritargoak sentitu behar du entzuna dela, eta hartzen diren erabakien parte dela.
Eskola publikoari ere aitortu behar diogu bere meritua
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
Lehenengo, M28ra itxaron beharko dugu, eta pasaitarrek erabakitzen dutena ikusi. Haien eskuetan gaude.
Gure DNAn programak eta programak besterik ez daude. Paktuak, kasuistika hori ematekotan, programa horien alde egiteko kointzidentzia gehien ditugun alderdiekin izango dira; horiek gauzatzeko borondate politikoa dutenekin, alegia.
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Euskara gure hizkuntza ofizialetako bat denez gero, oso garrantzitsua iruditzen zaigu pertsona guztiek aukera izatea erabat doan hura ikasteko, eta plan espezifikoak egotea hori lanorduen barruan egin ahal izateko.
Positiboki baloratzen ditugu Euskaraldiko profilak. Hori izugarria da. Belarriprestak aukera eman die euskaraz ez dakitenei euskarazko harremanak sortzeko beste jende batekin, txapa ikusita. Honek, zalantzarik gabe, liluratu gaitu.
Eskola publikoari ere aitortu behar diogu bere meritua. Trintxerpetik, herri osoarentzako harrera egiten baitie kanpotik datozen ikasle gehienei. Eta zaila da hori, batzuetan ikasturtearen erdian 20-22 haur baitatozkigu kanpotik, eta Karmengo Amak izugarrizko neurriak hartzen ditu herri honetan integra daitezen, baina ezin zaie berdina eskatu, ia beti hutsetik abiatzen baitira. Baliabide gehiago eman behar dizkiogu euskararen ikasketari eskola publikoan, gure etorkizuna eta erreferentzia baita.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako bigarren elkarrizketa da.