"Jende guztiaren eskubideak bermatzeko aurkeztu gara"
Lehenengoz aurkeztu du Elkarrekin Podemosek udal hauteskundeetarako hautagaitza Lezon. Haien zerrendaburu Alex Garagarza Roteta da.
Zergatik eman behar diote botoa lezoarrek zu zeu zerrendaburu zaren hautagaitzari?
Jende arruntaren eskubideak, batez ere sozialak, bermatzeko aurkeztu gara. Udalak guztion etxea izan behar du. Baina, zer da guztion etxea izatea? Bada guztiona dena publikoa dena da, beraz, publikoa den guztia babestuko dugu, batez ere eskola publikoa: osasun mentalaren gaineko programa bat ezartzea proposatzen dugu hezkuntzari begira.
Garraio publikoa ere babestu nahi dugu: auzo guztiak garraio publikoz irisgarri izatea nahi dugu. Parke eremu natural guztiak babestu eta indartu nahi ditugu aldi berean, publikoaren barruan dagoelako, gure ustez, natura eta ingurumena babestea. Gainera, Altamirako auzoaren ur saneamendu sare berriaren alde lan egingo dugu.
Baina bereziki, emakumeentzako espazio publiko bat sortu nahi dugu, multidiziplinarra, Emakumeen Etxeen formularekin.
Alkatetzara iritsiko bazinete, zein izango litzateke lehenengo egingo zenuten gauza?
Herriko emakumeen eskubideen alde egiten duten elkarte eta talde guztiekin harremanetan jarriko ginateke. Parte hartze proiektu bat abiatuko genuke horrela, Emakumeen Etxearen egitasmoa abiatzeko.
Udalak, zein harreman izan behar du portuarekin?
Lehenik eta behin, gure ustez, udala Pasaiako Portu Agintaritzaren batzarretara joan beharko litzateke. Inguruko herrietatik, Lezo da hara ordezkaririk bidaltzen ez duen bakarra. Hortik aurrera, portuak sortzen dituen arazo guztiak, hala nola kutsadura eta zarata ekiditeko, inguruko herri guztien arteko adostasuna bilatuko genuke, arazo horiei aurre egiteko eta soluzio bidean jartzeko.
Portuak inguruan dauden zonalde degradatuen urbanizazio eta hobekuntzan inplikatu behar du, ez Lezokoak bakarrik, badia guztikoak ere bai. Horri lotuta, porturako irisgarritasuna bermatu behar dela uste dugu, behintzat urteko egun jakin batzuetan.
Mugikortasuna, trafikoa eta aparkalekuak. Zer neurri proposatzen dituzue?
Gure ustez arazo konplexua da hori, eta askotariko neurriak eskatzen ditu. Talde politiko eta herritar guztien arteko elkarrizketa eta akordioa eskatzen du honek.
Alde batetik, auzo guztietara garraio publikoa iristea nahi dugu. Bestalde, autoen partekatzea saritu behar da. Horrez gain, aparkaleku gehiago egin behar dira, bateriako plazak baliatuz, adibidez. Gainera, Arraitokiko aparkaleku publiko berria ere bultzatuko genuke. Esan dut: neurri sorta zabala behar da gai honetan aurrera egiteko. Bestalde, herrigunetik Gaintxurizketa arte bidegorria egitea da gure proposamena.
Aparkatzeari dagokionez, arazorik larriena herritarrak lanetik bueltan datozenean izaten da, arratsean edo. Nahiko genukeena da herritarrek bere etxetik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, eta horretarako proposatuko genuke auzoka bertakoentzako aparkaldi mugatuko eremuak ezartzea, auto bakoitzak kolore jakin bateko eranskailua izango lukeelarik, auzoaren arabera. Auto horrek bere auzoan aparkatzerik ez balu, Arraitokitik hurbilen dagoen auzoan aparkatzea izango luke, eta horrela, gure ustez, irtenbidea emango litzaioke gaiari. Auzo bakoitzeko autoen errolda egitea ere komeni da, jakiteko auzo bakoitzean zenbat plaza beharko liratekeen. Horiek proposamen irekiak dira, udal taldeen eta herritarren artean adostu beharrekoak.
Euskararen erabilera, ez dator bat ezagutzarekin. Zer egingo zenukete erabileran eragiteko?
Euskara bizitzeko arlo guztietara zabal dadila nahi dugu. Ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearen arazoak arduratzen gaitu, ordea. Lehenengo, ikerketa bat enkargatuko genuke jakiteko zer nolakoa den arazoaren neurria, horren araberako soluzioak bilatzen hasi ahal izateko.
Baina gaiaz gure hausnarketa egin dugu. Alde batetik, ikusi dugu etorkinen seme-alabek ikastetxeetan euskaraz ikasteko aukera dutela, baina etxean gurasoek ez dute ezagutzarik, beraz, ezin diote ikastetxean hasitakoari jarraipena eman. Beraz, Euskara arlotik, herrira kanpotik etorri direnei euskaraz ikasteko erraztasunak emango genizkieke.
Bestalde, familia euskaldunak daude. Gure gogoetaren arabera, gazteen artean batez ere, sare sozialen eragina oso nabarmena da, horietako eduki gehien-gehienak gaztelaniaz direlako, baita telebistetako plataformetakoak ere. Baina sare sozialetan eragiteko, Kultura arlotik eragin behar da, gazteak kontura daitezen sare sozialetan ere euskaraz egin daitekeela, haientzako euskarazko edukiak badaudelako.
Maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren, gobernu akordioetarako ateak zabalik dituzue?
Orokorrean, gure apustua da alderdi guztiekin elkarrizketa erronda egitea, bai gobernu akordioetara iristeko, bai eta eguneroko zereginei eusteko. Baina programa aldetik batez ere, EH Bildurekin ditugu antzekotasunak. Irekiak gaude, bai, baina kontuan hartuko genuke zeinekin izango litzatekeen errazago gure programa garatzea. Orduan, ideologikoki eta duen proiektua ikusita, agian EH Bildurekin adostasunera iristeko aukera gehiago izango genituzke. Baina beti gure programa jarriko dugu mahaiaren gainean, eta hortik aurrera denekin hitz egingo dugu.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Lezoko lehenengo elkarrizketa da.