Sanferminak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da
2023ko Antxoko jaietako aldizkariaren azala ere izango da ilustrazio irabazlea. Sariak, 200 euro eta Mimos tabernan bi lagunentzako bazkaria.
Zabalik da Pasai Antxoko 2023ko San Fermin Jaiak iragartzeko kartelen lehiaketa. Sorkuntzak ekainaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta epaimahaiak aukeratzen duenak 200 euro eta Mimos tabernan bi lagunentzako bazkaria irabaziko ditu.
Jaiak iragartzeaz gain, sanferminetako aldizkariaren (bertan egongo dira jasota egunez eguneko egitarauaren xehetasunak) azala ere beteko du ilustrazio onenak. Pasaian jaio edota bizi den edonork har dezake parte lehiaketan. Honakoak dira oinarriak:
- Formatua. Lanak DIN-A3 neurrian aurkeztu behar dira. Edozein modalitate artistiko erabil daiteke, eta kartelean esaldi hau agertuko da: “San Fermin Jaiak-Pasai Antxo 2023. Uztailaren 5etik 9ra”. Ez da egilearen sinadura edo bestelako zehaztasunik agertuko. Kartelarekin batera, kartazal itxi bat aurkeztuko da, eta barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa sartu behar dira.
- Aurkezteko modua. Originalak ekainaren 2a baino lehen aurkeztu behar dira leku hauetan:
- Kultura eta Hezkuntza Sailean (Euskadi Etorbidea, 61. Trintxerpe. Udal Euskaltegiaren ondoan).
- Pasai Antxoko HAZeko bulegoan (Herritarren Arreta Zerbitzua), Hamarretxeta, 24.
- Epaimahaia. Jai Batzordeak kartel irabazlea aukeratuko du, eta saria hutsik uzteko gaitasuna izango du.
- Saria: Aukeratutako kartelaren egileak sari hauek jasoko ditu: 200 euro eta Mimos tabernan bi pertsonentzako bazkaria.
- Jabetza. Saritutako lana Jai Batzordearen jabetzapean geldituko da. Sarituak izan ez diren lanen egileek Kultura eta Hezkuntza Sailean jaso ahal izango dituzte beren lanak.