"Askatasuna jartzen dut ezeren gainetik"
Ez da lehen aldia izango PPk hautagaitza aurkeztuko duela udal hauteskundeetan, baina bai zerrendaburua oiartzuarra izango dena.
Pello Atxukarro (Oiartzun, 1955) orain dela mende erdi sartu zen politikan. Zehazki, LCR-ETA-VI.a erakundean hasi zen militatzen. Haien ondorengoan —LKIn— jarraitu zuen, eta 1990eko hamarkadan orduko Ezker Batuan sartu zen.
Bi alderdi horiek utzi zituen, ETArekiko zuten jarreragatik. 2003an afiliatu zen PPn, Angel Yañez Tolosako zinegotziak gose greba egin zuenean jendea alderdira erakartzeko. “Orduan esan nion bat gehiago duzue”, gogorarazi du Atxukarrok. Artean Tolosan bizi zen.
Ordutik urtero aurkeztu da alderdi popularrarekin, eta lehen aldia izango da Oiartzunen, orain dela hilabete batzuk bueltatu baita sorlekura. Bere hizkeran, ordea, ez da nabaritzen hiru hamarkada eman dituela herritik kanpo.
Zuen hautagaitzak zer eskaintzen dio Oiartzun? Oiartzuarrek zergatik aukeratu behar dute zuen boto-papera?
Urte batzuk baditut, eta bizitzan asko ikasi dut, nahiz eta gauza asko ez dakidan. Jendearengandik ikasi dut. Nagusiki gauza batek mugitu nau: askatasunak. Konturatu naiz zenbat balio duen, eta askatasun egin dut ardatz; horren bueltan gainontzekoa dator.
Oiartzunen, Euskadiko beste zenbait herritan bezalaxe, horren falta sumatzen dut. Pertsonak bakarrak gara, eta hala izan behar du. Askatasuna errespetatu egin behar da; hori bermatzeko daude legeak, demokrazian bizi baikara.
Jarrera hori eskaintzen dut. Norberak zer pentsatu, zer izan, zer egin… norberak bere arrazoiak dauzka, eta hori denaren gainetik dago.
Alkatetza lortuz gero, zein izango da hartuko duzuen lehenengo erabakia?
Oiartzungo Udalaren lana, egia esan, ez dut sakonki ezagutzen. Lehenengo gauza egin behar dudana da jakinaren gainean jarri eta ezagutzea: Udalaren papera, dituen baliabideak, zein eskaera dauden…
Behin udalean sartuta, prest eta prestatuta nago gainontzekoei entzuteko, ulertzen baitut besteen proposamenek badutela bere arrazoia eta justifikazioa, nireek duten bezala. Besteekin adosteko arazorik ez dut, bakoitzak herritarrentzako onena izango dena proposatzen duela suposatzen baita. Esperientzia badut ezberdintasunak agertu, eztabaidatu eta erabakitzeko; hori da demokraziaren jokoa.
Baditut ideiak buruan, baina ez dut nire burua ikusten esateko hau eta bestea egin behar da. Horretarako barrutik ezagutu behar da lehenengo: proposamenak, baliabideak…
Iritsiko banintz, buru-belarri sartuko nintzateke herritarren zein herriaren arazoak zein diren aztertzea.
Hori eginda, lehenengo ekintza izango litzateke, udalak dituen eskumenen neurrian, Petra Lekuona zaharren egoitza handitzea. Jende asko dago, eta bakarrik bizi direnentzako tokia egingo genuke.
Herri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko zein beste udalerriekiko konexioak bultzatzeko zein dira zuen proposamenak?
Donostiarekin lotzen duen autobus zerbitzuaren denbora, arindu daitekeen neurrian, arindu beharko litzatekeela uste dut. Faltan botatzen dudana da beste alderako konexioa: Irun eta Hondarribia. Hori landu beharko genukeela uste dut; zein aukera dauden ikusi, zein eragozpen…
Donostiara iristeko 40 minutu behar izatea askotxo da, baina lehen ez zegoen hara joateko linea zuzenik.
Oiartzun euskararen arnasgunea da, baina erabilera jaitsi egin da, %53ra arte. Zein neurri hartuko zenituzkete beherakada horrekiko?
Euskararen erabilerak eta ezagutzak ez dit gehiegi kezkatzen, ezagutu baititut beste garaiak. Francoren garaia zaila izan zen euskararentzako, eta ni neu euskara galtzekotan egon nintzen. Zortea izan nuen, jaiotzetik baitakit euskaraz, eta ez dut ahaleginik egin behar. Sindikalgintzan ibilia naiz, eta Pasaiako Portuko enpresa batzordean idazkari egin ninduten. Orduan konturatu nintzen idazteko zailtasunak nituela, eta AEKn izan nintzen pare bat urtez, idazten ikasteko.
Hasieran esan dudan bezala, askatasuna jartzen dut ezeren gainetik. Norberak erabaki behar du zein hizkuntzatan hitz egiten duen. Niretzako bi hizkuntza daude hemen.
Garrantzitsuena da euskara ikasteko zenbat aukera dauzkagun gaur egun, erraztasunak daude horretarako. Aukera izatea da garrantzitsuena, gero erabakitzeko. Ikusten da zein diferentzia dagoen duela 40 urtetik gaur egunera arte. Euskara asko entzuten da.
Kezkatzen nauena da gaztelaniak baduela eragozpen bat lanpostuetarako. Lan egiteko uste dut badaudela problemak euskararekin. Horrek ematen dit pena, lana baita bizimodua aurrera ateratzeko modu nagusia, derrigorrezkoa.
Oiartzungo gazteek emantzipatzeko arazoak dituzte. Zein irtenbide emango zeniokete horri?
Emantzipatzeko arazoak beti izan dira, diru-sarrera bat behar delako, zurea. Betidanik izan da horrela. Horretarako lehenengo baldintza lana edukitzea da; norberak bere baliabideak behar ditu etxebizitza erosteko. Hor dago konpondu beharreko arazo nagusia.
Nire ustez, lana egin nahi duenak eta ezin duenari lagundu egin behar zaio, baina laguntza horiek hobeto kontrolatu beharko lirateke. Ezin dena da laguntzatik bizitzea. Eta konprenitzen dut gogorra eta kostatzen dela lanean hastea, zure bizitza goitik behera aldatzen baita. Konprenitu nuenean hori zela egin behar nuena, onartzea beste erremediorik ez zitzaidan geratu.
Uste dut hori zaindu behar dela. Lana nola sortu eta bana dezakegun pentsatu behar da.
Oiartzunen badago aukera handia, Gipuzkoako hirugarren udalerririk zabalena baita. Alde horretatik, ez dut arazorik legokeenik etxebizitza berriak eraikitzeko. Konponbidea izateko lursailak baditu.
Egungo udalbatza osatzen duten bi talde politikoek memoria historikoa eta oroimena lantzeko hitzarmena sinatu zuten Aranzadirekin. Zuen hautagaitzak zein jarrera dauka horrekiko?
Memoria historikoaren gaiarekin, hemen —baita Espainian ere— gertatzen ari diren istiluak ikusita, pentsatzen dut historialariei utzi behar zaiela lanean. Horretarako gaitasuna dute, eta bakoitzak bere tendentzia izango du. Aukerak hor daude, eta bakoitzak Historia irakurriko du bere ikuspuntutik eta jakinduriatik. Bakoitzak erabakiko du zenbateraino balio duen jaso duen horrek.
Ez dut instituzioek —kolorea zein dela ere— zuzendu behar dutela memoria edo Historia. Hori manipulatu daiteke, eta manipulatzen da. Ni nire iritzia ematen ari naizen bezalaxe, beste batek berea emango du, ezberdina izan daitekeena; memorian berdin gertatzen da.
Memoriaren gaia adituak direnei utzi behar zaie.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Oiartzungo bigarren elkarrizketa da.