"Pasaiaren biziberritzea errealitate bat da; dagoeneko martxan dago"
Lau zinegotzi ditu egun EAJk Pasaian. 2019an hasi zuen bere ibilbide politikoa Osak, eta bigarren legealdiari alkategai gisa helduko dio.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Azken legealdietan gobernutik erakutsi dugu kudeatzeko gaitasuna badugula, eta proiektuak martxan jarri ditugu; hori argi dago. Eta adierazi dugu hitz egiteko eta akordioak lortzeko ditugun prestutasuna eta gaitasuna.
Gure helburua Pasaiaren alde lan egitea da, pasaitarron alde, baina pasaitarrekin batera; hori beti adierazten dut, nik hala ikusten dudalako herrigintza. Pasaiak eta pasaitarrek merezi duten behin betiko bultzada izateko, EAJk alkatetzan egon behar du, nire ustez behintzat.
Gure alderdia alderdi serioa, kudeaketan ona eta langilea dela frogatu dugu hainbat urteetan zehar guk gidatu ditugun erakundeetan, eta bada garaia Pasaiak EAJ izan dezan gidaritzan, aurrera jarraitzeko.
2. Alkatetzara iristekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen erabakia?
Gai ezberdinen egoera aztertzen hasiko nintzateke. Proiektu asko ditugu, gai asko daude Pasaian, gauza asko lantzeko: mugikortasuna, ekonomia, gizarte politikak, euskara, HAPOa… Hortaz, bakarra aukeratzea oso-oso zaila egiten zait, baina bada gai bat nahiko orokorra dena Pasaia osoan: mugikortasuna eta aparkalekua.
Andonaegiko biziberritze proiektuan aurreikusita dago garaje eraikin bat egitea, eta hor igogailu bat ezarriko da irisgarritasuna bermatzeko. Adinberrin ere aparkalekuak egingo dira, 460 inguru. Baita Lonjan ere, errotaziokoak. Baina bai egia dela, nire ustez, horrez gain, ikerketa berri bat egin behar dela mugikortasunaren eta aparkalekuaren inguruan. Eta horren baitan egoiliarren ordenantza landu beharko da, eta araututako aparkalekuen ordenantzak ere garatu beharko dira. Eta, tira, baloratu zein aukera dauden parkingak eraikitzeko.
Biziberritzeari lotuta ere gauza asko egin beharko dira. Baina gai bakarra aukeratu behar denez, beharbada mugikortasunarekin hasiko ginateke…
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
Biziberritze eta aldaketa prozesu oso garrantzitsu batean murgilduta gaude, baina barruti bakoitzean proiekturen bat aipatzearren…
Trintxerpen aldaketa asko egongo dira datozen urteotan. Adinberri hor dago, Sprilur, Andonaegiko biziberritzea… baina badago gauza bat egiteke dagoena, eta nire ustez Ziritza da. Eraikina portutik jasoko dugu, eta nire ustez ekipamendu kultural batean bihurtu beharko dugu. Prozesu parte hartzaileak ireki beharko dira, bizilagunekin aztertu, badakidalako hor proiektu ezberdinak daudela… Ikusi beharko dugu iristen denean nola bideratu, Trintxerpek ere behar duelako ekipamendu kulturala, eta hori beti defendatu izan dugu udaletik.
Antxon, topoaren obra aprobetxatzea aukera polita izan daiteke, eta oso momentu egokia da denon artean pentsatzeko zein Antxo nahi dugun; bai etorkizunari begira, baina baita orain ere. Gure apustua argia da: espazio berdeak beharko ditugu, elkarguneak lortzeko espazioak… Hortaz, momentu polita da guzti hori erabakitzeko eta egiteko denon artean.
San Pedron Lonjako obra martxan da, eta printzipioz, dena ondo badoa, udazken partean bukatuko litzateke. Eta hor beste erronka bat dugu, beti zintzilik gelditzen zaiguna: Arraunlariren urbanizazioa. Beste arnasgune bat edukiko genuke barrutian, eta nik uste oso garrantzitsua dela hori. Baina ezin ditugu ahaztu goiko auzoetako bizilagunak, bertako aparkalekua, mugikortasuna eta baita irisgarritasuna ere. Hor bakarra aukeratzea oso zaila egiten zait.
Donibane xarma handiko barrutia da; nire ustez, Pasaiak duen altxorretako bat, eta bisitari asko erakartzen ditu. Zentzu horretan, egoiliarren eta bisitarien arteko elkarbizitza bultzatzeko, nik uste turismo jasangarria sustatu behar dugula barrutian. Saneamenduko lehen faseko obra ere urte bukaeran hasiko da, eta Meipin ere irisgarritasuna bermatzen jarraitu behar dugu. Orain igogailuaren lehen fasearekin gaude, eta bigarren fase bat dago aurreikusita, eta horrekin jarraitu beharko dugu.
4. Biziberritzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Pasaiaren biziberritzea, nire ustez, errealitate bat da, eta dagoeneko martxan dago; eta orain bai ez duela atzera bueltarik. Datozen bost urteotan 162 milioi euro iritsiko dira inbertsioetan gure herrira, eta horietako asko dagoeneko martxan daude.
Horrek suposatuko du Pasaiaren biziberritze integrala. Integrala diodanean, diot, bai urbanistikoa, bai ekonomikoa eta baita soziala edo gizarte mailakoa ere; finean, denek lotuta egon behar baitute, batak bestea gabe ez baitute zentzurik.
Hainbeste urteren ondoren, nire ustez behintzat, oso egokia eta onuragarria iruditzen zait herriarentzat eta herritarrontzat jasoko dugun guztia. Proiektu asko daude lana sortuko dutenak, paisaia aldatuko dutenak, elkarbizitzarako espazioak sortuko dituztenak… XXI. mendera ekarriko gaituztenak. Barruti guztietan daude horiek, gainera.
Nik behintzat horrela ikusten dut. Badakit jende askok ez duela hala ikusten, baina niretzat behintzat, martxan dago.
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
Guk beti defendatu dugu, eta oso elektorala iruditu badaiteke ere, zintzoki diot: alderdi guztion artean hitz egin behar dugu. Hori ezinbestekoa da akordioak lortzeko, eta onuragarria da herriarentzat. Hortik aurrera, herriek gobernu sendoak behar dituzte, bai edo bai, eta legeak ere hala dio. Baina egia esateko, nire ustez, apur bat goiz da oraindik paktuei buruz hitz egiteko.
Goazen itxarotera ea zer dioten, edo zer diogun, herritarrok hilaren 28an, eta hortik aurrera joango gara akordioak lantzen. Hitz egiteko, denekin beti prest; gobernu akordioak lortzeko, eta baita legealdian zehar ere.
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Euskaraldian aldarrikatu genuen, baina alderdi bezala ere beti aldarrikatzen dugu: gure helburua Pasaia euskaltzaleago bat lortzea da; eta Pasaia, uneren batean, Arigune bihurtzea. Hori Pello Jauregik berak esaten zuen, eta nik sinisten dut. Ez dakit noiz lortuko dugun, baina helburua hori da.
Hortaz, bada, orain arte egiten ari garena, azken urteotan egin duguna: sentsibilizazio kanpainak martxan jartzen jarraitu. Batez ere, herritarrak euskarara hurbiltzeko; bai herritarrak eta baita etorri berriak ere. Jendeak funtzionala nabaritu behar du euskara, bestela konplikatua baita. Eta erraztasunak ere jarri behar dira euskara ikasteko, eta euskara hitz egiteko ere.
Ditugun lan-mahaiak indartzea funtsezkoa da: ikastetxeekin, merkatariekin, lan munduarekin… eta horretarako Euskararen Plan Estrategikoa baliatu behar da. Iaz onartu genuen, eta nik uste anbizio handiko plana dela; eta, gainera, oso ongi egina, oso parte hartzailea izan zelako. Eta hori da garrantzitsuena. Bada, goazen hori baliatzera helburuak lortzeko.
Berez, orain arte egindako lanarekin jarraitu, uste baitut egokia dela.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako laugarren elkarrizketa da.