"Gainontzeko erakunde politikoekin irekiago jokatuko genuke"
Aurkeztu diren bost zerrendaburuen artean, Janire Mitxelena da egun Oiartzungo Udalean zinegotzi den bakarra. Egungo bost ordezkariak hobetu nahi dituzte.
Mende laurden gertatu zen zatiketaren itzalak atzean utzita, EAJ da 2011tik oposizioko talde nagusia Oiartzunen. Azken bi agintaldietan, gainera, ordezkaritza izan duen bi talde politikoetako bat izan da.
Janire Mitxelena (Oiartzun, 1993) zinegotzi da gaur egun, eta EAJren udal taldeko bozeramaile. Lehen aldiz aurkeztuko da zerrendaburu moduan.
Jakitun da hauteskundeetan Oiartzun ez dela jeltzaleentzako plaza samurra, baina azken urteetako ildoa gorakorra da. Egungo bost zinegotziko ordezkaritza handitu nahi dute.
Zuen hautagaitzak zer eskaintzen dio Oiartzuni? Oiartzuarrek zer espero dute EAJrengandik?
Oiartzun ireki bat, moderno bat, eta oiartzuar guztiak bilduko dituen proiektu bat da. Aldaketak inportanteak dira, EH Bilduk urte asko baitaramatza hemen. Beste aukera batzuk eta beste kudeaketa eredu batzuk edukitzea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Egunerokotasunean sortzen diren arazoei aurre egiteko borondatea daukagu, eta gainontzeko erakunde politikoekin irekiago jokatuko genuke, elkarlan handiagoarekin.
Alkatetza lortuz gero, zein izango litzateke hartuko zenuketen lehenengo erabakia?
Hondakinen atez ateko bilketa sistemaren egokitasuna berrikusiko nuke, eta, ahal bada, kendu. Galdeketa bat egingo genuke herrian hondakinen bilketari buruz.
Aztertu beharko litzateke denbora honetan zer gertatu den: ea birziklatze maila hain altua den; ea ekonomikoki bideragarria den… Birziklatze maila altua bermatzen duten beste formula batzuk badaudela erakutsiko dugu, malguagoa izango dena.
Ez dut esaten 13 urte hauetan gauza guztiak gaizki egin direnik, baina berrikusi egin behar dira, eta berriak birplanteatu.
Herri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko zein neurri hartuko zenituzke? Beste herriekin nola hobetuko zenuke konexioa?
Egia da Oiartzun leku pribilegiodun batean dagoela, eta auzo guztiak lotzen dituen bidegorria daukagula. Gustatuko litzaiguke bizikletaren erabilera sustatzea; osasungarria da, ekologikoa da…
Oiartzunen orografia —egia da— ez da egokiena, eta mundu guztiak ezin duela bizikletan ibili. Txirrinda elektrikoak susta daitezke.
Xorrolak oso ongi funtzionatzen du, baina maiztasuna areagotu liteke, edo linea berriren bat sortzeko aukerak aztertu, bestelako konexioekin.
Donostiarekin konexio zuzena izango duen linea bat gustatuko litzaiguke, Hondarribiak, Oriok edo Azkoitiak duten bezalakoa. Edo, behintzat, Oarsoaldetik zuzenean joango litzatekeena Donostia erdiguneraino. Hainbeste geldialdirekin, 40 minutu ez dizkizu inork kentzen…
Lanbarren industriagunearekin konexio ahalik eta zuzenen bat egitea plantea liteke, Errenteriara joan behar zarelako, eta han Hondarribiko edo Irungo autobusa hartu behar duzulako bertara joateko. Oiartzuar askok egiten dute lan bertan, eta erosketak egitera joaten direnak ez dira gutxi. Oinezko edo bizikletan joateko bideak ere esploratu beharko lirateke.
Oiartzun euskararen arnasgunea da, baina erabilera jaitsi egin da, %53ra arte. Zein neurri hartuko zenituzkete beherakada horrekiko?
Nire iritziz, herri mailan gauzak ongi doaz, udala lan polita egiten ari delako. Hori bai, ez genuke tokian tokikoa begiratu behar, ikuspegi nazionalarekin baizik. Periferian daudenen eta zentroa deitzen zaionean gaudenok proiektuak elkarrekin partekatu beharko genituzke.
Gure taldearen proposamenari dagokionez, hartuko genituzkeen erabakiak izango lirateke, alde batetik, gazteen aisialdiaren eskaintza euskarazkoa izatea bideratzea. Bestetik, kultur programazioa euskarazkoa izatea bideratuko genuke baita ere, ikus-entzunezkoekin: filmak, dokumentalak, podcast-ak…
Gazte edota nerabeen artean kontzientzia sortu behar da, eta euskararen arloan dauden gabeziak edo erdarara zergatik jotzen dugun aztertu eta eztabaidatu beharko litzateke. Bestalde, musikaren munduan, estilo ezberdinetako musika motak lantzen dira gaur egun euskaraz. Pozgarria da, eta horiek Oiartzunera ekarri beharko lirateke.
Bestalde, herriko dendetan eta eguneroko gainontzeko gauza txikietan euskaraz aritzea sustatzea da gure asmoetako bat. Ticketak euskaratzea; karteldegia euskaraz zabaltzea —nahiz eta gaur egun egiten den—…
Badakigu asmatzea zaila dela, baina hortik joango ginateke. Udalak euskara lehenetsi behar duela badakigu.
Horrez gain, oiartzuarren batek bere hizkuntza eskubidea urratuta ikusiko balu, udaletxera etor dadila eta informa dezala. Oiartzungo Udalak aztertuko luke zer egin: salatu, egoera hobetu… Oiartzun herri euskalduna da, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Ez duguna nahi da inor baztertua sentitzea bere hizkuntza erabiltzeko orduan.
Gazteen emantzipazioa zaila da Oiartzunen. Zein neurri hartuko zenituzkete?
Etxebizitza Bulegoak ez du hainbesterako irtenbiderik eman —dozena pasatxok jaso dute etxea—, eta proiektu berriak erakarriko nituzke. Interesgarria da bulego hori edukitzea, baina etxebizitza komunitarioak planteatu litezke.
Bilbon badago eredua. Alokairu baxu bat ordaintzen da, eta beste partea ordaintzeko lan komunitarioak egiten dira. Horretarako parke publikoa behar duzu, eta hori litzateke Eusko Jaurlaritzarekin akordio indartsu bat egin beharko litzateke. Edo udalak promotore bezala etxebizitza batzuk egin beharko lituzke, beretzako; horretarako tokia badago.
Emantzipazioa laguntzeko etxebizitzak lirateke, ez oso handiak, zuzkidurazkoak esaten diren horietakoak. Hori bai, bakarkako etxeez gain, emantzipatu nahi duten bikoteak ere kontuan hartu beharko dira.
Egungo udalbatza osatzen duten bi talde politikoek memoria historikoa eta oroimena lantzeko hitzarmena sinatu zuten Aranzadirekin. Zuen hautagaitzak zein jarrera dauka horrekiko?
Guretzako ezinbestekoa da, gure herrian ezinikusi horiek gainditu eta gehiago ez egoteko. Giza-eskubideak egon dira alde guztietatik, eta instituzioen aitortza behar dute. Ezin ditugu gauzak alfonbra azpian gorde eta aurrera jarraitu; bakoitzak izan behar du eskubidea berari gertatutakoa adierazteko. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, alde batetik eta bestetik.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Oiartzungo laugarren elkarrizketa da.