[Galeria eta bideoa] Zabarre eta Maria Labaienen kanpaina hasi da Lezon
Hauteskunde kanpaina bukatzear denean, Lezon beste kanpaina bat hasi da: giro ona eta poztasuna zabaltzearena. Hasi dira mendekosteak.
Gaur hauteskunde kanpainako azken eguna Lezon eta Euskal Herri osoan. Bihar, gogoeta eguna. Etzi, udal eta foru hauteskundeak. Baina Lezon zeharo eraldatua izango da egun horien izaera: gaur, giro ederraren eta poztasunaren kanpaina hasiko da; biharkoak gogoeta egunetik gutxi izango du, gozamena aurkituko dutelako hala nahi dutenek; eta etzi, jaien azken eguna. Baten bat triste izanen da jaiak bukatzen direlako igandean, baina alderdi politikoren bateko ordezkariak (edo alderdi politiko askorenak) pozik izango dira. Kontrastea, aurten udal eta foru hauteskundeek bat egin dutelako mendekosteekin. Tira, Mendekosteak hasi dira. Beste guztia, iritsiko da.
Badiatik, Lezok itsasoari zabalik dion atetik iritsi dira arratsaldean Zabarre eta Maria Labaien herrira. Murixkako dantzariek harrera egin diete, inguruan haur asko, eta beraz, guraso asko zituztela. Eguraldi ona, oso. Ederra. Mendekosteek merezi dute egurats egokia. Hala izan da gaur, eta antza, hala izango da asteburuan. Zabarre eta Maria Labaienen segizioaren zain izan dira portuan Ixone Lorenzo eta Oihan Aldaba Pirata Txikiak.
Portutik plazara. Zabarrek, Maria Labaien eta konpainiak lurra ederki asko gozatu dute, itsas bidaia antza denez latza izan delako. Perutxo eta haren akolitoak agertu dira Gurutze Santuaren plazara, Lezoko piratei aurre egiteko-edo. Ezin. Piraten indar eta ilusioak haien gaiztakeriei ez die biderik eman. Lixto. Jaiak hasteko osagai den-denak Lezon.
Pirata Txikiek adorez opa izan diete lezoarrei festetan goza dezatela, errespetuz pasa ditzatela eta gehiegikeriarik gabe, eta euskaraz: tinko mintzo dira Ixone Lorenzo eta Oihan aldaba udaletxeko megafonia berritik. Suziria airera eta eztanda. Murixkakoen emanaldia pirataz jantziak, ikurrina airean. Segidan, Piztu Lezoren festetako lehen ekitaldia, denentzat: elektrotxarangak Lezo azeleratu du. Horiek dira jaiak, freno gutxi behar duten aroa. Frenoa, hori bai, norberak jarriko du: Mendekoste Jaietan ez dira eraso matxistak onartzen.
Hortik aurrera 30 bat dira jaietako egitarauaren barruan jasotakoak. Beheko zerrendan daude den-denak. Hemen ondoan, ordea, arratsaldeko ekitaldien argazkien zerrenda eta ikus-entzunezkoa, zerrendaburu batekin: gozamena.
Gaur (ostirala)
- 20:00. Preso eta iheslarien aldeko kartelada.
- 21:00. Afari autogestionatua Gurutze Santuaren plazan
- 23:00. Iratzar erromeria Gurutze Santuaren plazan.
Bihar (larunbata)
- 09:30. Eskualdeko dultzaineroen diana.
- 09:30. Motorzaleen elkarretaratzea Itzel kafetegiaren ondoan.
- 11:00. Haurrentzat pintura tailerra Karlos Saldise plazan.
- 12:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira.
- 12:00. XX. mende hasierako erromerien dantzen kalejira.
- 13:00. Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren kontzertua Gurutze Santuaren plazan.
- 16:00. Truk txapelketa Tiñelu elkartean
- 16:30. Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen ganbera kontzertua Gurutze Santuaren plazan.
- 17:30. Goiko Plazako pilotalekuan, Josetxo Etxandi oroitaldiko finalak: benjaminak, Kimu Mailakoak, eta Haur Mailakoak.
- 17:30. ‘Dantzatu gurekin’ jarduera Gurutze Santuaren plazan.
- 18:00. Mutxikoak herritik.
- 18:00. Burrunba elektrotxarangaren irteera Karlos Saldise plazatik.
- 18:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira.
- 20:00. Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Jaig eta The Hastelen’s.
- 20:30. Oihan Vega DJrekin haur diskoteka Gurutze Santuaren plazan.
- 22:30. Suzko zezena Gurutze Santuaren plazan.
- 23:30. Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Neomak eta Dupla.
- 23:30. Oihan Vega DJren saioa Gurutze Santuaren plazan.
Etzi (igandea)
- 09:30. Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 10:00. Sukaldaritza tailerra haurrentzat Karlos Saldise plazan.
- 11:00. Gazte sortzaileen azoka Karlos Saldisen egun osoan zehar.
- 11:00. Herri kirolak haur eta gazteentzat Goiko Plazan.
- 12:00. Herri kirol erakustaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 12:30. Buruhandi eta erraldoien kalejira.
- 16:30. Pirataz mozorrotuta, ‘Altxorraren bila’ jarduera Gurutze Santuaren plazatik.
- 19:00. Oinkari Dantza Taldearen ‘Gazte’ ikuskizuna Goiko Plazan.
- 21:45. Suzko zezena eta Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren emanaldia Gurutze Santuaren plazan.