"Udala herritarrengandik gertu eta herritarren eskura jarri nahi dut"
Sei zinegotzirekin, Pasaiako indar nagusia da gaur egun EH Bildu. Politikara lehen jauzia egingo du aurten Alberrok, alkategai gisa.
1. Zergatik bozkatu behar zaitu jendeak zu?
Guk ordezkatzen dugun proiektua herritarrengandik gertuen dagoen proiektua delako, herritik eta herritarrentzat sortua, eta pertsonak erdigunean jartzearen ikusmira delako gure eta nire apustua. Udala herritarrengandik gertu eta herritarren eskura jarri nahi dudalako.
Herriaren alde, eta herriarekin lan egitera gatoz. Horretarako, EH Bilduk lan talde bikaina osatu du, esperientzia eta freskotasuna uztartzen dituena, baina batez ere lanerako gogoa eta anbizioa dituena.
2. Alkatetza eskuratzekotan, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen erabakia?
Gertutasuna gure apustua eta helburua denez, herritarrengandik hurbilen dagoen udal ordezkarien presentzia bermatzea izango da lehen neurria. Hau da, alkateordeen harrera orduak berrezartzea eta alkateordeek barrutietan zuten erreferentzialtasuna berreskuratzea.
Herritarrek merezi dute entzunak izatea eta beraien kezka eta ekarpenak modu zuzenean egitea, aurrez aurre. Gure hautua herritarrekin eta herritarren ondoan egotea da, euren bizi proiektua garatzeko bidelagun izatea.
3. Eta barrutiz barruti, zer falta du bakoitzak?
Gure lehentasuna izango da barruti guztietan aparkalekua bermatzea.
Barrutiz barruti, Trintxerpen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako proposamenaren ondorioz Andonaegirako lortu den diruarekin etxeen berritzeaz gain, auzo osoa bera berrurbanizatuko da, kaleak berrituz eta bertako parkeen mantenuan arreta berezia jarriz. Inbertsio handia egingo dugu Andonaegin. Gero, Ziritza kulturaren eta musikaren espazioa bihurtzeko proiektua garatuko dugu bertako taldeekin elkarlanean.
Antxon, Luzuriaga. EH Bilduk Madrilen lortutako akordioari esker Antxoko bizitza sozial eta kulturalaren motorra izango dena herritarrekin diseinatuko dugu. Eta badugu horretarako finantziazioa dagoeneko.
Topoko lanek eragindako arazoei konponbideak bilatzeaz gain, obra aprobetxatu behar dugu ondorengo Pasai Antxo nolakoa izango den herritarrekin adosteko, eta horretarako espazioak zabalduko ditugu. Eta topoaren obrak amaitzerakoan, Luzuriaga II: etxebizitza sozialak, aparkalekua eta anbulatorioa barne dituela. Inguruan zor dizkiguten ekipamenduak exijituko ditugu.
Donibanerako, saneamenduaren obra epe laburrean eta era integralean egin dadin lan egingo dugu herritarrekin eta inplikatutako instituzioekin hartu-emana eta informazio kanalak irekiz, elkarlanean. Irisgarritasuna hobetzeko neurriak jarriko ditugu martxan ere, bai Meipin zein alde zaharrean.
San Pedrori dagokionez, goiko auzoei arreta gehiago jarriko diegu Kanpitxu asfaltatuta, irisgarritasun elementuen mantenua bermatuta, eta aparkalekurako Izarra proiektua garatzeko finantziazioa bilatuta. Portuari Lonjako aparkalekua irekitzeko eskatuko diogu, eta horren ondoren Arraunlari kalea oinezkoentzako izan dadin prozesu progresiboa abiatu nahi dugu.
4. Biziberritzeaz asko hitz egiten da Pasaian. Egoki gertatzen ari al da hori?
Biziberritzeaz hitz egitean gauza askotaz hitz egin beharko genuke: espazioen kudeaketaz, azpiegituraz, eta baita ekonomiaz, elkarbizitzaz eta egoera sozialaz ere. Ezin dugu ukatu hobekuntza batzuk egon direla, baina hauek eman dira egoera jasanezina zelako. Pasaiak behar duen finantziazioa oso berandu dator, eta kasu askotan inolako planifikaziorik gabe.
Esaterako, Lonjak bukatuta egon beharko luke duela zortzi urte; Adinberrik martxan egon behar zuen dagoeneko; eta bai saneamendua, Donibane-Lezo bidegorria, edota topoaren lurperatzea eginak beharko zuten dagoeneko.
Egoera guzti horren aurrean, EH Bildutik etorkizuneko badiarako proposamen estrategikoa garatu dugu, elkarbizitza eta berrikuntza uztartzen dituena, oinarrian kohesio soziala, enplegua eta ingurugiroaren zaintza dituena. Beraz, horrekin adierazi nahi dut EH Bilduk ez duela ezer geldituko, etengabe hobetzeko proposamenak egiten ari gara, azken urteotan egin dugun bezala. Eta horren adibide Madrilen Luzuriagarekn eta hori birgaitzeko dirua lortu izana.
Gure proposamenera itzulita, adierazi nahi dugu EH Bilduk baduela plan bat; Pasaiak behar duen jauzia emateko plana. Eta hori garatzen jardungo dugu hurrengo urteetan.
Sinetsita gaude badia honek potentzialtasun handia duela, eta oraindik arakatu gabeko jarduera ekonomikoa posible dela, adibidez ekonomia urdina edo itsas ekonomiarekin lotutakoak. Oraingo eta etorkizuneko badian lanean ari gara, eta argi dugu etorkizuneko badia horrek herritarrak izan behar dituela ardatz. Beraz, gai honetan ardurarekin, anbizioarekin eta herritarrekin eta gainontzeko instituzioekin lanean jardungo dugu.
5. Prest zaude itunik egiteko? Kasu horretan, norekin? Nor babestuko zenuke edo noren babesa jaso nahiko zenuke?
EH Bilduk akordioetarako gaitasuna baduela argi geratu da azken urteotan. Ordezkaritza dugun akordio gehienetan akordio puntual eta zabalak lortu ditugu, eta ezin du inork esan ez gaudenik akordioetarako prest. Jakina da, gainera, EH Bildu akordioetan dagoenean herritarren bizitzak hobetzen direla, bereziki arlo sozialean.
Horrez gain, ni, pertsonalki, betidanik elkarrizketaren aldekoa izan naiz, eta ezberdinen artean elkarlanean aritzea ezinbestekoa iruditzen zait. Akordioak proiektuen inguruan gauzatu behar ditugu, benetan Pasaitarrei axola zaizkien gaien inguruan. Eta horretarako prest gaude.
Dena dela, hauteskundeen emaitzak jaso bitarte zaila izango da zer gerta litekeen aurreikustea.
6. Euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan (2018koa) baino 6,2 puntu altuagoa. Zein neurri proposatuko zenituzke euskararen kale presentzia sustatzeko?
Herriko kirol, kultur eta aisialdiko taldeekin euskara bultzatu eta sustatzeko ekimen jarraiak landuko ditugu, udalaren babes etengabea eskainiz. Kulturgintzan euskaraz dauden programazioak bultzatuz, bai antolatzeko garaian eta bai komunikatzeko garaian ere.
Ikastetxeekin elkarlanean jarraituko dugu. Udalak duen Euskararen Plan Estrategikoarekin garatuko dugu, horretarako baliabideak jarriz, eta udaletik lehentasuna emango diogu euskarari, eguneroko jardunean eta arlo guztietan.
Azkenik, merkatari eta ostalariekin euskara sustatzeko programak egingo ditugu laurak bat elkartearekin elkarlan estua sustatuz.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie.
Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Pasaiako seigarren eta azken elkarrizketa da.