EH Bilduk ordezkaritza hobetu du, EAJren kalte
EH Bilduk eta EAJk botoak galdu dituzte, baina EH Bilduk ordezkaritza hobetu du. Joana Mendiburu alkate izango denak "poz handia" sentitu du "komunitatea" handitu delako.
Oiartzunen ez da sorpresa handirik izan. EH Bilduk, botoak galdu dituen arren —312 izan dira—, bere ordezkaritza hobetu du: hamabi zinegotzi izatetik hamahiru izatera pasatuko da. EH Bilduren 3.303 papertxo kontatu dituzte.
EAJk ere ia 400 boto galdu ditu, baita ordezkari bat ere; 1.063 oiartzuarren aukera izan da. Elkarrekin Podemosek 211 boto lortu ditu, eta 44 boto falta izan ditu ordezkaritza lortzeko.
PSE-EEk botoen ia erdia galdu du, eta PPk aurrekoan lortu zuenaren herena igo du.
Abstentzioa handitu egin da, eta parte-hartze datua %60,30raino jaitsi da, duela lau urte baino %8,15 gutxiago.
Beraz, ezkerreko koalizio subiranistak alde handiarekin irabazi du, beste behin. Joana Mendiburu alkate izango da. Balantze azkarra egin du, emaitzak jakin eta minutu gutxira. “Erronka jarri genion gure buruari: hamahiru ordezkari lortzea zen helburua. Zaila zen, baina lortu dugu”, esan du.
Alkate izango denak esan du “pozik” dagoela, aurreko udal gobernuek egin duten lanari jarraikotasuna ematen diolako. “Herritarrek gure proiektuarekin bat egin dutela ikus dezakegu. Erronka bete izanaren poza dugu, eta egiten duguna eta herriari eskaintzen dioguna ongi hartuak dira, eta EH Bilduren komunitatea zabaltzen ari da”, gaineratu du Mendiburuk.
Mendiburuk iragarri du “bihartik aurrera” lanean hasiko direla, “denborarik galdu gabe”. “Gure onena emango genuela esan genuen, eta lanera etorri gara udalera”, gaineratu du.
Hamahiru ordezkari lortzeak ez du harritzen, horren bila atera baitziren. “Bat gehiago lortu izanak ematen didana da konfiantza, babesa areagotu duelako”. Esan duenez, EH Bilduren komunitatea “indartuta” ikusteak poztu egin du, bai Oiartzunen baina baita Gipuzkoan ere.
Emaitzak