Aparteko gorabeherarik ez Oiartzungo hauteslekuetan
09:00etan ireki dutenetik eguerdira bitartean, ez da arazorik egon botoa emateko prest dauden herriko zazpi tokietan.
Normaltasuna da nagusi udal eta foru hauteskundeetan. Oiartzungo zazpi hauteslekuetan ez da aparteko arazorik izan goizean zehar.
Ohikotasuna aztoratu duen zerbait azpimarratzekotan, Ugaldetxon hautesleku berria dutela da. Auzoko eskola zaharretara botoa ematera joan beharrean, lokal berrira joan behar dute, lehen Atamitx jatetxea zenaren gainean eraikitako eraikinetan.
Bestalde, Elizalde Herri Eskolan botoa eman behar dutenek ez dute barrura sartu behar. Izan ere, hautetsontziak pilotalekuan jarri dituzte. Pandemiarengatik hartu zituzten neurrietako bat hori izan zen, eta aurten hala izaten jarraituko du. Hautesleku guztiak 20:00etan itxiko dituzte.
Guztira 8.220 oiartzuarrek izango dute botoa emateko eskubidea, duela lau urte baino 159 gehiago. Aurreko udal hauteskundeetan parte-hartze indizea %68,4koa izan zen. Hamazazpi zinegotzi hautatuko dituzte; egun EH Bilduk hamabi ditu, eta EAJrenak dira beste bostak.