Olatz Zabala eta Josu Urrestarazu, Intxixu Trailen azkarrenak
Ergoienen hasi eta bukatzen den lasterketa zortzigarren aldiz egin dute. Mattin Odriozola eta Jaione Galdos izan dira oiartzuarrik azkarrenak.
Atzo —igandea— Intxixu Trail egin zuten zortzigarren aldiz, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. 190 korrikalarik bukatu zuten Ergoienen hasi eta bukatzen den mendi lasterketan. Korrika aritzeko eguraldi polita egin zuen.
Guztietan azkarrena Josu Urrestarazu Garcia idiazabaldarra izan zen, ordubete, hamazazpi minutu eta 59 segundoko marka ezarrita. Ia minutu eta erdira iritsi zen Hodei Lujanbio Apezetxea Oiartzunen bizi den goizuetarra, eta Jokin Arretxea Lastirik bete zuen gizonen podiuma.
Olatz Zabala Dominguez irundarra izan zen azkarrena emakumeen artean, kronometroa 1:37:44ko denboran geldituta. Iratxe Etxegoien Errandonea lezoarrak minutu bat pasatxo gehiago behar izan zuen hamasei kilometroko ibilbidea betetzeko. Nerea Amilibia Arruti zarauztarrak ordubete eta berrogei minutu behar izan zituen.
Oiartzuarrik azkarrenak, berriz, Mattin Odriozola Ibarguren eta Jaione Galdos Kazabon izan ziren. Talde onena, berriz, Kabronazos izan zen, eta azken helmugaratuak Koko Mujika eta Josema Gutierrez izan ziren.
Intxixu Traileko antolatzaileak argazkiak igotzen ari dira, Facebookera zein Instagramera. Sailkapen osoa ikus daiteke Herrikrosaren webgunean.