Asteburu oparoa Pasaia Kayakeko kirolarientzat
Iruñean hiru garaipen eskuratu dituzte pasaitarrek; Garesen aldiz, sei urre lortzeko gai izan dira.
Asteburu oparoa izan dute Pasaia Kayakeko kirolariek, fin aritu dira Nafarroan jokatutako bi proba garrantzitsuetan. Emaitza onekin itzultzeko gai izan dira.
Larunbatean Iruñean CNP taldeak antolatutako proba ezagunaren LII. edizioa jokatu zuten. Bertan, kategoria guztietako kirolariek ordezkatu zuten kluba. Honetan, hiru garaipen poltsikoratu dituzte pasaitarrek, horietako bat Aritz Aranetaren eskutik heldu da (senior kategori nagusian). Bigarrena ere Aranetak ekarri du, oraingo honen binakakoan, Iñaki Fernandezekin batera. Iraitz Izagirrek eskuratu du hirugarren urrezkoa, nagusitasunez gainera, haurren kategorian hain zuzen.
Urrezkoez gain, beste bost ohorezko postu lortu dituzte pasaitarrek. Halere, ez dira taldekakoan podiumera igotzeko gai izan, laugarren postuarekin konformatu behar izan dira.
Nafarroako lehian izandako arantza hori kendu nahian, gogor aritu dira pasaitarrak Gareseko (Nafarroa) Trofeoaren XX. edizioan. Iruñeko emaitzak hobetzeko gai izan dira. Izan ere, sei urre poltsikoratu dituzte, bi senior kategoria nagusitan (Ion Carballok K1ean, eta Carballo eta Fernandez bikoteak K2an), bat junior kategorian (Maialen Vitoriak), beste bat master kategorian (Iñaki Fernandezek bakarka kasu honetan), beste bat haurren kategorian (Oinatz Alonsok) eta azken bat Iker Lizasok eta Vitoriak (K2 mistoan).
Dominez harago eskuratutako bost ohorezko postuei esker, bigarren postua lortu du klubak taldekako sailkapenean.
Asteburu honetan Banyolesen (Girona) izango dute hitzordua Pasaia Kayakoek. Bertan jokatuko duten Espainiako ur lasaietako maratoiko txapelketan ariko dira pasaitarrak.